Azaroan aurkeztuko duten Gobernu Plan berriari buruz jardun zuten, atzo

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 15a, 00:00

Ezkerretik hasita, Aitor Lukas, Patxi Ibarguren, Xabier Lertxundi eta Itsaso Lekuona, atzo aurkezpenean.

Ondorengo konpromisoa hartu du Udal Gobernuak: «maiztasun jakin batean neurrien betetze mailaz herritarrei informatzea».

Hernaniko Udal Gobernu berriak, atzo iragarri zuen datozen lau urteetarako Gobernu Plana prestatzen ari direla, eta azaroan aurkeztuko dutela herritarren aurrean. Xabier Lertxundi alkateak, Itsaso Lekuona, Patxi Ibarguren eta Aitor Lukas alkateordeekin batera, azpimarratu zuen burutuko dituzten egitasmoen helburu nagusia «hernaniarren bizi-kalitatea hobetzea» dela.

Jarraian, Itsaso Lekuonak hartu zuen hitza, eta azken hiruhilekoan egindako proiektuak ekarri zituen mahai gainera, besteak beste, Mañe I Flaquer plaza eraberritzearen hasiera; Zikuñagako eta Elizatxoko haur parkeak berritzea; eta ikastetxeetan egin diren eraberritze lanak.

Lertxundik, bere aldetik, nabarmendu zuen ekainean gobernua hartu zutenetik lanean ari direla: badugu hernaniarren beharren ezagutza, badakizkigu herriko eragileen premiak, badugu herrigintzan eskarmentu zabala. Eta guztion artean talde prestatua eta prestua. Hernaniarren ongizatean
maila hobetzeko asmoz gabiltza eta horretarako hamaika proiektu eta ideia ditugu. Horiek guztiek gobernu plan batean bilduko ditugu, datozen lau urteotan udal gobernuaren iparrorratza izango den eta herritarren bizi-kalitatea hobetuko duen gobernu planean». 

Era berean, Gobernu Planak hainbat eta hainbat egitasmo jasoko dituela azaldu zuen Hernaniko alkateak: «Adin guztietako herritarrei eragingo dietenak, ume, gazte, heldu nahiz pertsona nagusiei, auzo guztietakoei, jatorri desberdinekoei. Ahalik eta arlo zabalenak jorratuko ditu, izan ekonomia eta enplegua, izan kultura, euskara, berdintasuna, kale garbiketa...». 

Lertxundiren arabera, plan honek bilduko dituen egitasmo guztiak, neurgarriak izango dira: «aldez aurretik esandako epe zehatz batean egingo direlako. Gobernu honek konpromisoa hartzen du maiztasun jakin batean neurrien betetze mailaz herritarrei informatzeko, herritarrek eskubidea dutelako jakiteko udala zertan dabilen». 

Neurgarria izateaz gain, dinamikoa dela ere aitortu dute alkateak eta alkateordeek: «izan ere, badakigu, herritarrek ekarpen gehiago jasoko ditugula. Eta gobernu planarekin, herritarrek argi eta garbi ikusiko dute, Hernaniren zein argazki nahi dugun, 2027ra arte zein ibilbide egingo dugun».

Hau guztia betetzeko, dagoeneko Udal langileek prozesu bat abiarazi dutela ere aitortu zuten: «ekarpenak egi ditzaten, eragileekin berriro ere entzuketa aktiboa egingo dugu eta oposizioko alderdiei ere euren ekarpenez galdetuko diegu. Denon artean egindako gobernu plana izango baita».

Amaitzeko gobernu plana azaroan aurkeztuko dutela jakinarazi zuten, «eta orduan xehetuko ditugu herritarron bizi kalitatea hobetuko dituzten neurri guztiak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!