Gaur emango zaie hasiera Euskal Jaiei, Galesko eta Euskal Herriko dantza eta musika emanaldiarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 15a, 00:00

Abeltzain eta baserritarren azoka izango da bihar, Tilosetan.

Arratsaldeko 19:30etan emango zaio hasiera 'Galestar Konexioa' emanaldiari, Tilosetan. 
Eta bihar, egun osoan zehar izango dira ekintzak, kaxkoak zehar.

Euskal Jai giroan murgilduko dira herritarrak gaurtik, igandera arte ospatuko baitituzte Hernaniko Euskal Jaiak. Gaur arratsaldeko 19:30etan dantzaz eta musikaz gozatzeko aukera izango dute hernaniarrek, 'Galestar konexioa' izeneko emanaldiarekin, Tilosetan. 

Bihar berriz, urtero moduan, abeltzain eta baserritarren azoka jarriko dute goizean, Tilosetan, eta ordubete beranduago bisita gidatua eskainiko dute azokan barrena. Goizeko 11:00etan, musika eskolako trikitilari eta akordeoilariak ibiliko dira kalez kale, eta 11:30etan, antzinako jokoetan jolasteko aukera izango dute txikiek, Tilosetan. Eguerdian jai giroak jarraituko du, eta arratsaldean, haurrentzako tailerrak eta jolasak jarriko dituzte leku berean. 18:00etan, bertso jaialdi ederraz gozatzeko parada izango dute herritarrek, Biterin, eta ondorengoak izango dira oholtzara igoko diren bertsolariak: Amets Arzallus, Andoni Rekondo, Maider Arregi eta Nerea Elustondo. Gai jartzaile lanetan Eli Pagola arituko da. 

Musika Bandak kontzertua eskainiko du udaletxeko arkupeetan, eta jarraian, festa giroak ez du etenik izango Zuttik elektrotxarangaren kale bueltarekin eta Esne Beltzaren kontzertuarekin. Iganderako, aldiz, sagarraren eta Sagardoaren Eguna antolatu dute, ekintza ugarirekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!