Euskadiko Aizkolari Txapelketaren kanporaketa, larunbatean Tilosetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 13a, 00:00

Malen Barrenetxea aizkolari hernaniarra, kolpea jotzeko prest, Portuko Jaietan.

Bederatzi aizkolari ariko dira lehian, Malen Barrenetxea hernaniarra eta Ane Zapirain astigartarra tartean, eguerdiko 12:30etan hasita.

Puntako herri kirol saioa izango da larunbat honetan Hernanin, Euskal Jaietako egitarauaren barruan. Izan ere, emakumezkoen Euskadiko Aizkolari Txapelketaren kanporaketa jokatuko da Tilosetako frontoian, eguerdiko 12:30etan hasita.

Maila haundieneko aizkolariak ariko dira bertan, eta ez da faltako bailarakorik ere: Malen Barrenetxea hernaniarra eta Ane Zapirain astigartarra izango dira partehartzaileen artean. Ez dute lan erraza izango kanporaketan aurrera egiteko, kontrario gogorrak izango baitituzte ondoan. Honakoak ariko dira, hain juxtu: Nerea Arruti urnietarra (egungo txapelduna), Oihana Fernandez de Barrena herediarra, Maria Do Amparo Sousa brasildarra (Lesakan bizi da), Maika Ariztegi iturendarra, Nerea Sorondo beratarra, Beatriz Tanco sarrigurendarra, eta Garazi Arruti bilbotarra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!