Gaurtik eskatu daitezke dirulaguntzak Hernanin, etxebizitzaren alokairu gastuetarako

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 13a, 00:00

186.000 euroko partida jaso du Hernaniko Udalak, eta urriaren 13ra arte egin daiteke eskaera, 'hernani.eus' webgunean edo HHZn.

Dirulaguntza deialdia argitaratu du Hernaniko Udalak, herrian etxebizitza bat alokatzearen gastuen zati bat ordaintzeko, 2023 urte osoari dagozkionak. Gaurtik egin daitezke eskaerak, hilabeteko epean, urriaren 13ra arte. Bederatzigarrenez sortu du dirulaguntza partida hau Udalak, eta 186.000 euro bideratu ditu horretara: erdia 18-35 urte bitarteko gazteentzat (93.000 euro), eta beste erdia 36 urtetik gorakoentzat. Helburu nagusia da gazteei emantzipazio bidean laguntzea, baina baita herrian alokairuko etxebizitza eskuratzeko aukera erraztea ere.

Hori horrela, herrian alokairuan bizi diren 18 urtetik gorakoei zuzenduta dago. Bakarka edo bizikidetza-unitate gisa eskatu daiteke dirulaguntza, eta gutxienez sei hilabete lehenagotik egon behar dute Hernanin erroldatuta. Alokairu-kontratuak 12 hilabeteko iraupena izan behar du gutxienez.

Eskatzaileek ezingo dute etxe­bizitza baten jabe izan, baina badira salbuespenak herentzia edo dohaintza bidez es­kuratu duten kasuetan. Dirulaguntza jasotzeko, gainera, bizikidetza-unitateko diru-sarrerek ezingo dute ezarritako muga gainditu: bakarka, 28.000 euro garbi urtean; kide bat baino gehiago izanez gero, 39.000 euro garbi urtean; eta autonomoei, gutxienez 22.330 euroko sarrerak dituztela kontabilizatuko diete.

Dirulaguntza jasotzeko, alokairuaren errentak 750 eurokoa beharko du izan hilean, gehienez ere; eta 300 eurokoa izango da gehienezko dirulaguntza hilean (urtean 3.600 euro).

Eskaerak, 'hernani.eus' atarian edo Herritarren Harrera Zerbitzuan

Hilabeteko epea izango da eskaerak egiteko, eta bi bide daude aukeran. Batetik, telematikoki egin daiteke, Hernaniko Udalaren webgunean (hernani.eus), tramiteen atalean; edo bestela, udaletxeko Herritarren Harrera Zerbitzuan. Honakoak aurkeztu beharko dira, besteak beste: eskaera-orri ofiziala beteta (hernani.eus webgunean eskuragarri, iragarki taulako dirulaguntzen atalean); eskatzaileen NANaren, pasaportearen edo egoitza-txartelaren fotokopia (adin txikikoen kasuan, Familia Liburuarena edo jaiotza-ziurtagiriarena); etxebizitzaren alokairu-kontratuaren kopia; eskatzailearen banku-kontuaren titulartasuna egiaztatzen duen agiria; eta errentaren azkeneko ordainagiria.

Dirulaguntza deialdiari buruzko informazio guztia, baldintza zehatzak eta aurkeztu be­harrekoak, ikusgai daude Uda­l­aren atarian, iragarki taulako dirulaguntzen atalean bertan (hernani.eus/dirulaguntzak). Herritarren Harrera Zerbitzuan ere eskatu daitezke.

Udalaren dirulaguntza bate­raezina izango da alokairua ordaintzen laguntzeko ematen diren beste dirulaguntzekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!