Azkeneko bisita gidatua bihar, 'Giza habitat ezkutatua' erakusketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 12a, 00:00

Nabarralderen eskutik, irailaren 15era arte izango da ikusgai erakusketa Biterin. Bihar egingo dute azkeneko bisita gidatua, 10:00etan.

Giza habitat ezkutatua erakusketa jarri du Nabarralde Fundazioak, Biteriko erakusketa aretoan; eta irailaren 15era arte izango da ikusgai bertan. 14 panel dira, «Euskal Herriaren historiaren mugarri garrantzitsuenak» jasotzen dituena: «euskalnafarren habitata eta lurraldetasuna, mugarriak izan diren datak, pertsonaiak eta gertaera garrantzitsuak, modu grafiko argi eta atseginean kontatuta».

Baina horiek guztiak argiago zein sakonago azaltzeko, bisita gidatuak antolatu dituzte erakusketak iraun bitartean, Beñi Agirre historialari hernaniarraren eskutik. Joan den astean egin zituen aurreneko biak, eta bihar izango da azkenekoa, goizeko 10:00etatik 11:30etara.

Edozein kasutan, erakusketa nahieran eta noiznahi bisitatzeko aukera daukate herritarrek, goizeko 09:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 16:30etatik 20:00etara. Gainera, bisita gidatua bakoitzak bere kaxa egiteko aukera ere eskaini dute, QR sistemaren bitartez. Panel bakoitzean daude QR kodeak, horretarako. Erakusketa internet bidez ere ikusi daiteke, nabarralde.eus/habitaterakusketa webgunean.

Bestalde, atzo hasi zen Hernani Errotzenek antolatutako historia ikastaroa, Biteri kultur etxean; eta etzi arte eskainiko dute, arratsaldez. Aldez aurretik eman behar zen izena, bertan parte hartzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!