Mendiko bizikleta ikastaroa irailaren 18tik 21era, Hernaniko nerabeentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 12a, 00:00

Oinarrizko ikastaroa izango da, 12 eta 17 urte bitarteko gazteentzat; eta izenematea zabalik dago, formulario honetan: 'linktr.ee/gaztetu'.

Nerabeentzako mendi bizikleta ikastaroa antolatu du Hernaniko Udaleko Haur eta Gazteria Sailak, irailerako; eta data aldatu dute, aditzera eman dutenez. Datorren astean izango da, hilaren 18tik 21era: lau egunez, arratsaldeko 16:00etatik 18:00etara. Oinarrizko mendi bizikleta ikastaroa izango da, 12 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzenduta; eta Kaxkardi Kirol Elkarteak eskainiko du.

Doakoa da ikastaroa, baina parte hartu nahi duten nerabeek, izena eman behar dute aldez aurretik. Horretarako, bi bide daude aukeran. Batetik, formularioa bete daiteke internet bidez, ondoko helbidean: linktr.ee/gaztetu. Eta bestela, telefonoz egin daiteke, 943 33 70 41 zenbakira deituta.

Ikastaroaren helburua izango da, gaztetxoek «oinarrizko teknikak praktikatzea, bizikletan ibiltzeko abilezia eta trebetasuna eskuratzeko», jakinarazi dute. Nerabe guztiei luzatu diete animatzeko deia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!