Porrotarekin hasi dute denboraldia Hernaniko futbol talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 12a, 00:00

Artxiboko argazkia.

Irteera zailak izan dituzte berdeek lehenengo jardunaldian, eta puntu gabe itzuli dira denak. 

Ez dute 2023-2024 denboraldia nahi bezala hasi Hernaniko futbol talde nagusiek. Etxetik kanpo jokatzea egokitu zaie talde guztiei, eta punturik batu gabe itzuli dira etxera. 

Larunbatean hasi zuten denboraldia Ohorezko Erregional mailako mutilek, Tolosan. Partidu berdindua izan zen, hasierako minutuetan batez ere. Indarrak neurtzen aritu ziren bi taldeak, eta markagailua mugitu gabe iritsi ziren atsedenaldira. Norgehiagokako gol bakarra 76. minutuan iritsi zen; alboko falta bat ederki aprobetxatu zuten tolosarrek, jaurtiketa zuzena sarera bidalita. Hortik aurrera ondo eutsi zioten urdiñek markagailuari, eta 1-0 amaitu zen partidua. 

Euskal Ligako neskek ere ezin izan zuten irabazi. Ligako aurkari gogorrenetako baten etxean egin zuen debuta Hernanik, Deportivo Alavésen aurka. Berdeek ondo lehiatu zuten Ibaian, baina Babazorroen nagusitasuna argi geratu zen berdegunean. 3-0 amaitu zen partidua. 

Jubenil Nazionala ere esku hutsik itzuli zen Hernanira. Eibarren aurka jokatu zuten Unben, partidu ikusgarria izan zen, baina etxean geratu ziren hiru puntuak, 3-2 emaitzarekin. Hernaniren golak Gorkak eta Xabik sartu zituzten. 

Asteburu honetan itzuliko dira Zubipera hiru talde nagusiak. Ohorezko Erregional mailako mutilek Beasainen bisita jasoko dute, Euskal Ligako neskek Elorriorena eta Jubenil Nazionalak Errealarena. 

 

Asteburu honetan hasiko du liga Mundarrok

Mundarrok etxean ekingo dio aurtengo denboraldiari. Moreek Touringen bisita jasoko dute, eta puntuak etxean mantentzen saiatuko dira. Maila ahalik eta azkarren ziurtatzea izango da Mundarroren helburua.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!