Imanol Ansa urnietarra da Buruz Buruko txapelduna, Aritz Juanenea 30-17 menderatuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 12a, 00:00

Juanenea ezkerrean eta Ansa eskuinean, kopa altxatzen

Larunbatean aritu ziren estreinakoz txapel nagusiaren bila lehian Juanenea eta Ansa, eta urnietarrak lortu zuen garaipena (30-17). «Hasieran kosta egin zait finalari neurria hartzea, baina konfiantza haundiarekin nengoen, eta geroz eta hobetu jokatu dut», azaldu zuen, Buruz Buruko txapelketa irabazi berritan.

Imanol Ansa urnietarrak irabazi du Buruz Buruko Txapelketaren finala. Galarretako giroa piztuta zela, larunbat arratsaldean estreinakoz aritu ziren txapel nagusiaren bila lehian, bera eta Aritz Juanenea saldiastarra; eta Ansak jantzi zuen txapela, 30-17 nagusituta.

Larunbateko finalak bi zati ezberdin izan zituen. Lehenengo zatian, parekotasun haundiagoa izan zen, jokoan bezala markagailuan (14-12). Hortik aurrera, ordea, Ansa izan zen jaun eta jabe, eta partiduak aurrera egin ahala, tantoen arteko aldea nabarmena zen (23-13).

Juanenea saldiastarrak kolpe haundia zuela erakutsi zuen partiduan zehar, baina aurkaria hobeto aritu zen arlo guztietan: peloteoan, fisikoki, eta baita defentsan ere.

50 minutuko norgehiagoka Ansaren bi tantorekin hasi zen, baina Juanenea nagusitu zen peloteoan. Hala ere, bosna eta seina berdindu arren, ez zen inoiz aurretik jarri. Une horretan, gainera, aurrelari urnietarrak bost tantoren aldea lortu zuen markagailuan (11-6). Bi tantora hurbildu zen Saldiaskoa, 13-11 eta 14-12. Baina hortik aurrera, sakean bikain aritu zen urnietarra, eta berriro lortu zuen bost tantoren aldea; orduan hasi zen finala desorekatzen: jarraian etorri zen hamar tantoko aldea (23-13). Azkeneko 11 tantoetatik, zazpi saketik lortu zituen urnietarrak; eta sakez egin zuen, hain juxtu, txapela janzteko azkeneko tantoa, partiduko alderik haundiena markatu zuena (30-17). Bederatzi tanto lortu zituen sakez, guztira.
 

«Partidu oso ona jokatu dudala uste dut»

Buruz Buruko Txapelketako irabazlea oso eskertuta agertu zen ingurukoekin: «Txapelaren erdia Julen Loitegirena da. Bere prestaketa sakrifikatu du niri laguntzeagatik. Ibon Zalduari ere eskertua nago. Eta baita koadro osoari ere. Gaur egun erremontistak afizioagatik gaude, ofizioagatik baino gehiago. Gazteak animatuko nituzke afizio hau probatzera».

Eta partiduko sentsazioen nondik norakoak ere aipatu zituen Ansa II.ak: «Hasieran kosta egin zait finalari neurria hartzea, baina konfiantza haundiarekin nengoen, eta gero eta hobeto aritu naiz. Gakoa sakean egon da, oso ongi sakatu dut eta horrek segurtasun gehiago eman dit. Fisikoki ere oso ongi aurkitu naiz. Partidu oso ona jokatu dudala uste dut. Oso pozik nago garaipenarekin, eta orain nahiko lasai nagoen arren, orduek aurrera egin ahala azaleratuko zaizkit sentimenduak».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!