Mugikortasun asterako ekintzetan izena emateko aukera, irekita

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 11a, 00:00

Bizikleta martxarako hitzordua jarri dute: igandean, goizeko 10:00etan, Urbietan.

Ikastaroetan parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea, eta dagoeneko horretarako aukera dago.

Urteroko zitari eutsiz, Mugikortasunaren Europako Astearen baitan, zenbait ekintza antolatu ditu Hernaniko Udalak. Hala, igandetik 21era bitartean, mugikortasun jasangarria praktikan jartzeko aukera izango dute herritarrek; izan ere, bizikleta martxa eta ginkana, patin ikastaroa eta bizikleta konpontzeko ikastaroak eskainiko dituzte, besteak beste. Ikastaroetan parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea.

Iganderako, bizikleta martxa eta ginkana antolatu dute, eta goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua Urbietan: «bertan elkartuko gara denak, bizikleta martxa taldean egiteko», adierazi du Udalak. Era berean, hasierako puntu horretan, bizikleta ginkana egingo dute, bizikleta martxak iraun bitartean, goizeko 10:00etatik 12:30ak arte, hain zuzen. 

Bizikleta martxaz gain, hiru egunetako bi ikastaro ere antolatu ditu Udalak: bizikletak konpontzen ikasteko ikastaroak; eta patinetan ibiltzen ikasteko ikastaroa. 

Bizikleta konpontzen ikasteko tailerra Biterin izango da, irailaren 18an, 19an eta 20an, arratsaldeko 17:30etatik 19:30etara. 14 urtetik gorakoentzat zuzendutako ikastaroa dela ohartarazi du Udalak. Patinetan ibiltzen ikasteko ikastaroari dagokionez, irailaren 18an, 19an eta 21ean izango dira, Elizatxo ikastolako patioan. Patin ikastarorako nork bere materiala eraman beharko du, hau da, patinak, babeserako materialak... Adin guztientzako eta erabilera maila guztientzako ikastaroa dela ere nabarmendu du Udalak. Hala ere, bi ikastaro horietan izena ematea nahitaezkoa da; horrenbestez, interesa izanez gero, idatzi ingurumena@hernani.eus helbidera, edota deitu 943 33 70 31 telefonora.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!