Euskal Jaiek hartuko dituzte herriko kaleak, ostiraletik igandera bitartean

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 11a, 00:00

Euskal Jantziak janzteko gonbitea luzatu diete antolatzaileek herritarrei.

Ostiralean, 'Galestar Konexioa' emanaldiak emango die hasiera Hernaniko Euskal Jaiei, arratsaldeko 19:30etan, Tilostean.

Ostiraletik igandera bitartean ospatuko dira Hernaniko Euskal Jaiak, beraz, hasi prestatzen abarkak, zapiak, gonak, mantalak, alkandorak eta txapelak! 

Adin guztientzako aproposa den egitaraua prestatu dute aurtengo Euskal Jaietarako. Ostiralean hasiko dira hernaniarrak jai giroan sartzen, izan ere, arratsaldeko 19:30etarako, Galesko eta Euskal Herriko dantza eta musika emanaldia antolatu dute, Tilosetan. Larunbatean, berriz, goizetik gauera, egitarauak ez du etenik izango. Goizeko 10:00etan, urtero moduan, abeltzain eta baserritarren azoka jarriko dute Tilosetan, eta ordubete beranduago, azokako bisita gidatuaz gozatzeko aukera izango du bertaratzen den orok, eta idien erakustaldia ere ikusgai izango da, Tilosetan. Ordu berean, Musika Eskolako trikitilari eta akordeoilariek dantzan jarriko dituzte kaleak. Eta eguerdirako ere, makina bat ekintza antolatu dituzte, hala nola, antzinako jokoak, txakolin dastatzea Iturriaga kalean, Kalez Kale kantari, Erraldoi eta Buruhaundiak... 

Nabarmentzekoa da, eguerdiko 12:30etan, herri kirolek hartuko dutela protagonismoa. Bertan ariko dira emakumezko aizkolariak, Euskadiko kanporaketa jokatzen, Tilosetan. 

Arratsaldean,  tailerrez eta jolasez gin, txokolate goxoa jateko aukera izango dute txikiek; eta segidan, Amets Arzallus, Andoni Rekondo hernaniarra, Maider Arregi eta Nerea Elustondo bertsolariek bertso saio eder bat osatuko dute, Biterin, Eli Pagola gai jartzailea izanik.

Arratsaldeko 19:30etan, Musikak Bandak kontzertua eskainiko du udaletxeko arkupeetan, eta Zuttik elektrotxarangak hartuko du batuta, 20:30etan, kaleetan jai giroa jartzeko aitzakia hartuta. Larunbatari amaiera emateko, Esne Beltzak eskainiko du kontzertua Gudarien plazan, eta seguru, askok festan jarraituko dutela ordu txikiak arte.


Sagarra eta Sagardoaren Eguna, igandean

Igandean sagarraren eta Sagardoaren Eguna ospatuko dute hernaniarrek. Eta ondorengo jarduerak antolatu dituzte egun osorako, besteak beste, XLII. Pablo Lasa artisau azoka, Sagardo dastaketa, Trikitixa jaialdia, Pilota partiduak, Ene Kantaken emanaldia eta Harria dantza emanaldia.

EUSKAL JAIAK

HERNANI

IRAILAK 15

19:30 Galestar konexioa. Galesko eta Euskal Herriko dantza eta musika emanaldia,Tilosetan

IRAILAK 16

10:00 Abeltzain eta baserritarren azoka, Tilosetan.
11:00 Bisita gidatua azokan barrena eta idien erakustaldia, Tilosetan.
11:00 Musika Eskolako trikitilari eta akordeoilariak kalez kale.
11:30 Antzinako jokoak,Tilosetan.
12:00 Txakolin-dastatzea, Iturriaga kalean. 
12:00 Kalez kale kantari, Plaza Berritik hasita.
12:00 Trikitixa kaleetan barrena.
12:30 Erraldoi eta buruhandien konpartsa.
12:30 Herri kirolak. Emakumezko aizkolarien Euskadiko kanporaketa, Tilosetan.
17:00 Haurrentzako tailerrak, jolasak eta txokolate jatea, Tilosetan.
18:00 Bertso jaialdia: Amets Arzallus, Andoni Rekondo, Maider Arregi, Nerea Elustondo. Gai-jartzailea: Eli Pagola. Biterin
19:30 Musika Bandaren kontzertua, udaletxeko arkupeetan.
20:30 Zuttik elektrotxaranga, kaleetan barrena.
23:00 Esne Beltza taldearen kontzertua, Gudarien plazan

IRAILAK 17

09:00 Diana.
10:00 XLII. Pablo Lasa Artisau Azoka, Tilosetan.
11:00 Sagardo-dastatzea, Gudarien plazan.
12:00 Trikitixa jaialdia, Gudarien plazan.
12:30 Pilota partidak, Tilosetako frontoian.
17:30 Ene kantak dantzan, Dobera Euskara Elkarteak antolatuta, Kiroldegian.
18:00 Erromeria Jaiki hadi taldearekin, Plaza Berrin.
20:00 Harria dantza ikuskizuna, Mulixka dantza taldea eta Iñaki Perurenaren eskutik, Tilosetan.

 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!