Meza, erromeria, herri kirolak, bazkaria eta traka gaur, Zikuñagako jaiei amaiera emateko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 10a, 00:00

Atzoko eguraldia lagun zutela, apar artean ibili ziren Zikuñagako txikiak zein helduak.

Ederki pasa zuten atzo Zikuñagako Jaietan,  apar festarekin, tortila lehiaketarekin, danborradarekin...Gaur ermitan dute aurreneko hitzordua, eta arratsaldean emango zaie amaiera auzoko jaiei, trakarekin.

Atzo, eguerditik gauera bitartean, jarduera mordotan murgildu ziren Zikuñagako auzotarrak, festen bigarren egunean. Eguerdiko 12:30etan tortilla lehiaketa egin zuten, eta Ines Zialzeta izan zen tortilla patata goxoena prestatu zuen auzotarra.  Sagardo dastaketan ere eztarriak ederki busti zituzten, eta arratsaldean, auzoko txikiak aparretan ezkutatu ziren, musika lagun zutela, eta gaueko ordu txikiak arte festak jarraipena izan zuen. 

Gaurkoan, Zikuñagako Amaren ermitan hasiko dute eguna auzotar askok. Goizeko 10:00etan hasiko da meza ermitan, eta autobus zerbitzua jarriko dute auzotik, bertara igotzeko eta jaisteko. Zikuñagako errotondako geltokian izango da autobusa, eta hiru txandatan igoko da: 09:10etan, 09:25etan eta 09:40etan. Jaisteko, berriz, bi txanda izango dira, 11:00etan eta 11:30etan ermitatik abiatuta. Meza amaitu ostean, Ereñotzuko Ozenki abesbatzak hartuko du lekukoa eta segidan, erromeria eta kalejira baten bueltan, auzora jaitsiko dira, animatzen direnak. 

Eguerdiko 12:00etan, herri kirolariak erakustaldia eskaintzeko prest izango dira. Bost laguneko taldea izango da bertan, helduek eta gazteek osatutakoa. Bi harrijasotzaile gazte ariko dira lanean: Udane Ostolaza oriotarra (17 urte) eta Imanol Royo 'Lartain' zarauztarra (18 urte). Aizkoran, berriz, etxe bereko hirukotea etorriko da: Jose Mari Esnaola aita, eta Aratz eta Eneko semeak. 

Herri kirolak amaituta, auzotarrek elkarrekin bazkaltzeko hitzordua dute, 14:00etan. Auzotar bakoitzak eraman beharko du bazkaria eta mahaiak eta aulkiak prest izango dituzte Auzo Elkarteak jarrita. 

Bazkaldu ostean, Ru­mmi Txapelketa izango da ber­tan, joko klasikoarekin. Auzozaintza zerbitzuak eta Zikuñagako Auzo Elkarteak antolatu dute elkarlanean, eta dagoeneko finkatuta daude partehartzaileak. Horrekin jarriko diete errematea aurtengo Zikuñagako Ja­­­iei, eta behin txapelketa bukatuta eta sariak ba­na­tuta, festei bukaera emango diete, trakarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!