Pelotadendan egin zuten Euskal Pentatloieko kanporaketa fasearen aurkezpen prentsaurrekoa

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 9a, 00:00
Antolatzaileak eta kirolariak bildu ziren Pelotadendaren atarian.

Gaur bertan hasiko da aurtengo lehenengo mailako txapelketa, arratsaldeko 18:00etan, Azpeitiako Zezen Plazan. Emakumezkoen txapeketa bertan behera geratu da lesio eta baja batzuen ondorioz. 

Ostegun arratsaldean aurkeztu zuten Atsegindegin, Pelotadendaren atarian, Euskal Pentatloieko kanporaketa fasea. Joxe Angel Sarasolak eta Gari Etxeberriak azaldu zituzten lehenengo probako xehetasunak, eta Pelotadendako Koro Barrenetxeak ere esker oneko hitzak eskaini zizkien kirolariei eta antolatzaileei. 

Prentsaurrekoa hasi aurretik albiste txar bat eman behar izan zuten antolatzaileek. Izan ere, zenbait lesioren ondorioz, bertan behera geratu da emakumezkoen txapelketa. Momentuz, ez dute data berririk jarri txapelketa egiteko. 

Gizonezkoen kasuan, hamabi kirolari arituko dira gaur Azpeitiako Zezen Plazan: Andoni Iruretagoiena 'Izeta VI', Xabier Zaldua, Ioritz Gisasola 'Zelai IV', Jon Gisasola 'Zelai III', Aritz Irazabal, Benat Amade, Julen Kañamares 'Kañamares III', Joseba Arakama, Jagoba Otaegi, Xabat Olaizola, Mikel Agirre eta Gorka Etxeberria. 

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da proba, eta zozketaz erabakitako lau taldetan osatu beharko dituzte ondorengo lanak: 100 kiloko bolari 10 altxaldi, 400 kiloko harriarekin plaza bat, aizkoran kanaerdiko bat eta 45 ontzako egur bat, 50 kiloko txingekin 3 plaza eta korrika kilometro 1. Denbora onena lortzen duten sei kirolariak sailkatuko dira irailaren 23ko finalera.

Finalera sailkatzeaz gain, denborak hobetzea ere izango da kirolari batzuen erronka. Egin beharreko lanetan Arria II.k jarri baitzuen marka 1983 urtean  (12:07) .

Gaurko proba ikusteko sarrerak hiru modutara eskuratu ahal izango dira. Azpeitiako Mendizabal erretegian, Bizum bidez 607 44 39 29 telefonoan eta Zezen Plazako leihatilan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!