Gaur hasiko du denboraldia mutilen Ohorezko Erregional mailako taldeak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 9a, 00:00
Talde berrituarekin saiatuko dira igoera eskuratzen.

Arratsaldeko 16:30etan hasiko dute partidua. Euskal Ligako neskek eta Jubenil Nazionalak bihar abiatuko dute liga.

Prestaketa lanak amaituta, gaur eta bihar hasiko dute denboraldia Hernaniko talde nagusiek. Urte polita izango dela aurreikusten dute klubetik, liga berrietan lehiatzeko aukera izango dute talde batzuk, eta askotariko helburuak finkatu dituzte. 

Debuta egingo duen lehenengo taldea gizonezkoen Ohorezko Erregional mailakoa izango da. Tolosaren aurka abiatuko dute 2023-2024 denboraldia, eta, noski, hiru puntuekin etxeratzea izango da erronka. Aurrekariei erreparatuz, Tolosaren aurkako bi partiduak irabazi zituen Hernanik pasa den urtean; 3-2 Zubipen eta 2-3 Berazubin. Gaurkoan etxetik kanpo jokatuko dute, Berazubin, arratsaldeko 16:30etan. Igoera lortzea izan da Hernaniren helburua azken urteetan. Iazko liga amaiera mingarria izan zen taldearentzat, eta gaurtik hasi nahi dute arantza hori ateratzen. 

Pizgarri ugarirekin, bihar hasiko dute liga Euskal Ligako neskek. Igoera lortuta, dinamika onean jarraitzen du taldeak eta joko onari jarraipena ematea da nahia. Alabaina, aurkari gogorra egokitu zaio lehenengo jardunaldian; Deportivo Alavésen aurka jokatuko dute, Ibaian, arratsaldeko 18:45etan. Babazorroek bigarren postuan amaitu zuten liga lehengo urtean, 34 jardunalditan 27 garaipen, 3 berdinketa eta 4 porrot jasota. Hernaniren helburua kategoria berrira azkar egokitzea izango da hasieran, bertan mantentzea lortzeko. 

Jubenil Nazionalak ere bihar jokatuko du ligako lehenengo partidua. Eibarren aurka arituko dira berdeak, eguerdiko 12:00etan, Unben. Mailari eustea lortu zuen Hernanik, eta, lorpen hori berriro eskuratzeaz gain, aurrerapausuak emateko intentzioarekin hasiko dute denboraldia.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!