Bi lagun elkarren kontra gaur, Buruz Buruko finalean: «Gozatzen saiatuko gara, aukera ederra da biontzat»

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 9a, 00:00
Aritz Juanenea eta Imanol Ansa, Galarretako frontoian, elkarrekin hizketan. Argazkia: Maialen Andres

Buruz Buruko Txapelketan estreinako finala izango dute gaurkoa, Aritz Juanenea saldiastarrak eta Imanol Ansa urnietarrak. Arratsaldeko 15:30etan hasiko da jaialdia Galarretan, eta ikusmina piztuko du partiduak.

Ezohikoa izango da Buruz Buruko Txapelketaren finala, aurtengoan. Estreinakoz ariko dira txapel nagusiaren lehian Aritz Juanenea saldiastarra eta Imanol Ansa urnietarra, arratsaldeko 15:30etan hasita Galarretan. Endika Barrenetxea eta Javier Urriza faboritoak kanpoan utzi, eta elkarren kontra ariko dira bi lagun, bata bestearen lorpenekin poztu direnak, baina elkar menderatzen saiatuko direnak gaur. Finalak iraun bitartean, ez da lagunik izango kantxan.

Banakako partidu haundietan esperientzia gehiago dauka urnietarrak: semifinaletan aritu izan da, eta Buruz Buruko Masterra irabazi du aurten. «Esperientzia horrek asko lagundu dit; aste ona pasatu dut, momentu hauek kudeatzen ikasi dut esperientziarekin. Asko gozatu dut abuztuan kantxan», adierazi du Ansak.

Juaneneak ez du banakako finalik jokatu orain arte, baina lau txapel jantzita da aurten: Sagardoaren Txapelketa irabazi zuen Beñat Segurolarekin, Jai Alai Summer Season Endika Barrenetxearekin, Herriz Herriko Txapelketa Josetxo Ezkurrarekin, eta Zarauzko Txapelketa Javier Urrizarekin.  Edonola ere, urnietarra ikusten du faborito: «Ligaxkan egurra eman zidan, eta bera da faborito garbia. Tantoak laburtzen saiatuko naiz, bera fisikoki oso indartsua delako, eta luzatuz gero nagusitu egingo delako. Sorpresa izan da ni finalera sailkatzea, baina ez naiz paseatzera aterako, dagoeneko kunplitu banu bezala».

Ados daude biak, Buruz Burukoaren finala dela pelotari guztiek jokatu nahi dutena, eta gogotsu daude: «Egun haundia izango da biontzat. Gozatzen saiatuko gara, eta horrela eginez gero, final polita izango da. Biok daukagu aukera ederra, eta baliatu egin nahi dugu», dio Juaneneak. Urnietako aurreneko txapelduna izan nahi du Ansak Buruz Burukoan, eta laguna menderatu beharko du horretarako: «Joan den astean, berak Barrenetxearen kontra jokatu aurretik, bertso bat bidali nion, esanez ez nintzela harrituko irabazten bazuen. Telebistan ikusi nuen semifinala, eta aulkitik salto egin nuen irabazi zuenean, pozik. Baina igandean kontziente izan nintzen nire aurkaria dela orain, eta finala bukatu arte hemen ez dago lagunik».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!