Hernaniko Errugbi elkarteak «jendartearen elkartasuna» eskatu du, «egoera larria» dela eta

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 8a, 00:00
Egungo egoeraren azalpena egin du Errugbi Elkarteak.

Denboraldi berriko gastuei aurre egiteko zailtasunak izango dituztela nabarmendu dute Errugbi Elkartetik. Hala, laguntza eskatu diete zaleei, enpresei, fundazioei eta herritarrei.

Hernaniko Errugbi Elkarteak mezu bat helarazi die bazkide, zale eta jarraitzaile guztiei, «momentu honetan bizi duen egoera ekonomiko zailaren aurrean» laguntza eskatzeko. Klubetik azaldu dute azken urteetan hazkunde haundia izan dutela maila guztietan, 280 jokalari izateraino. Aldaketa hori positibotzat duten arren, nabarmendu dute ezinbestean igo egin dela gastua: «Txapelketarako izen emateari eta bidaiei dagokienez, urtero garestituz doaz. Ondorioz, gastu hauek esponentzialki igotzen ari diren bitartean, egungo egoera jasanezina bihurtu da».

Gastuaren igoera Estatu mailan gizonezkoen bi kirol talderekin jokatzearen ondorioetako bat da. Elkartetik nabarmendu dute 23 urtez azpikoek herrialdeko txapelketetan jokatuta gastua asko murriztuko luketela, baina ez diote egungo kirol mailari uko egin nahi.

Adibide modura, 23 urtez azpikoen lehenengo faseko bidaiak jarri dituzte: «Talde honetako gazteek datorren hilabetean hasiko duten denboraldian Kataluniara 4 bidaia egin beharko dituzte, eta beste 2 Valentziara. Gainera, play-offetarako sailkatzen badira, Madrilera, Valladolidera edo Sevillara joan daitezke. Beraz, lehen fase honetan, bidaietan bakarrik 30.000 euro inguru inbertitu beharko ditu klubak».

Instituzioekin kritiko

Hernaniko Errugbi Elkartea kritiko agertu da instituzio publikoekin. Onura Publikorako Elkarte izendatu zuten kluba, baina, nabarmendu dutenez, «horrek ez die arreta eman gure instituzio publiko desberdinei»: «Hori horrela, ekonomikoki negatiboan amaitu dugu aurreko urtea, balantze negatibo oso esanguratsuarekin».

Laguntza emateko modu ugari

«Egoera zailari» aurre egiteko, «jendartearen laguntza» eskatu du Hernaniko Errugbi Elkarteak. Laguntzeko modu ugari daude, pertsona, enpresa, erakunde, edota fundazioentzat.

Amaitzeko, klubetik eskerrak eman nahi izan dizkiete proiektuaren parte diren pertsona guztiei: «Bihotzez eskertu nahi diegu momentu on zein zailetan kluba babesten dihardutenei, baita dei honen ondoren Hernaniko Errugbia mundu zabalera garraiatzen lagunduko duten guztiei ere».

 

ELKARTEARI LAGUNTZA EMATEKO


Etxeko partiduetarako abonua eskuratu: hernanirugby.eus

Donazioa eginez:
ES16 3008 0170 16 2411752021

Hileroko kuota laguntza bat harpidetuz, cluber.es plataformaren bidez jarriko dute martxan.

Kluba esponsorizatuz, publizitatearekin edo inbertitzen.

Informazio zehatzagoa lortzeko: hcrehernanirugby.eus edo 630 986 753

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!