Zikuñaga auzotik ermitara dantzan, festarako grina eta jai giro atsegina

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 9a, 00:00
Ondo pasatzeko aukera paregabea izango dute haurrek, gaur ere.

Haurrentzako ekintzekin eta Laiotzen dantzaldiarekin hasi ziren Zikuñagako Jaiak atzo, eta bihar arte luzatuko da festa: tortilla lehiaketa, sagardo dastaketa, apar festa edota danborrada gaur auzoan; eta meza, Ozenkiren emanaldia eta erromeria bihar ermitan.

Hasi da ikasturte berria, eta horrekin batera, Urumea ibaiaren beste aldera egin ohi dute salto Hernaniko auzoetako festek. Halaxe izango da aurtengoan ere: atzo hasi ziren Zikuñagako Jaiak, eta bihar arte luzatuko da festa giroa. Ez bakarrik auzunean, ordea: joan den urtean hasitako bideari jarraituz, Zikuñagako Amaren ermitara ere igoko dituzte jaiak, igande goizean.

Arratsaldeko seietan egin zuten eztanda suziriek atzo, eta maxkuri kolpeen eta dultzainen hotsek hartu zuten auzoa segidan. Haurrentzako prestatu zituzten jaien aurreneko orduak, eta txotxongilo emanaldiaz eta txokolatadaz gozatzeko aukera izan zuten. Gauean, berriz, adin guztietako auzotar eta bisitarientzat zabaldu zuten gozamenerako aukera, Hernaniko auzoetan klasikoa den planarekin: dantzaldia eskaini zuen Martindegiko Laiotz taldeak.

Zikuñagako danborradaren irteera izango da jaietako une berezienetako bat.
 

Tortilla lehiaketa eta sagardo dastaketa, asteburua hasteko

Atzoko gaua luzatu ondoren, primeran hasiko dute asteburua; ezohiko moduan, gainera: tortilla lehiaketa eta sagardo dastaketa izango dira gaur eguerdian. Auzoetan ia sekula falta ez den plan bat, baina normalean igandearekin izaten dena, festak borobiltzeko. Asteburua pizteko balioko dute oraingoan. 

Eguerdiko 12:00ak arte jasoko dituzte lehiaketarako tortillak, nork bere etxean egindakoak; eta epaimahaikideak izendatuko dituzte sukaldari onenak, ondoren. Orduantxe hasiko da sagardo dastaketa ere, eta aukera zabala izango da, ohi bezala: Larre Gain, Otsua-Enea, Zelaia, Petritegi, Oialume Zar, Altzueta, Itxas-Buru eta Elorrabi sagardotegiek hartuko dute parte, eta Zikuñagako Auzo Elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie denei, «urte hauetan guztietan gure jaietan parte hartzeagatik».

Apar festa eta puzgarriak, haurrentzako gozagarri

Atzo bezalaxe, ondo pasatzeko aukerarik ez dute faltako haur eta gaztetxoek, gaurkoan ere. Puzgarriak izango dituzte futbol zelaian, eguerdian eta arratsaldean, guztira lau orduz; eta apar festa ere egingo dute bertan, arratsaldeko 16:00etan hasita. Akaso helduak ere murgilduko dira aparretan, bero sapari aurre egin nahian...

Belarrientzako nahasketa bitxia bezain atsegina, arratsaldetik goizaldera

Haurrentzako jolasen ondoren, mota eta estilo guztietako hotsek hartuko dute auzoa, goizaldeko ordu txikietara arte. Belarrientzako nahasketa bitxia bezain atsegina prestatu dute, eta Arraiketai txarangak emango dio hasiera. Ondoren, festetako momentu berezienetako bat izango da, arratsaldeko 20:00etan hasita: Zikuñagako danborradak hartuko du auzoa. Danbor-joleak gorriz, barril-joleak berdez, eta dozenaka lagun inguruan, doinu atseginez gozatzen.

Danbor hotsak ixilduta, elektronikaren bidea hartuko du musikak auzoan, gaua iristearekin batera. Aurrena, Matraka elektrotxaranga aterako da kalera; eta ondoren, TNT disko jartzaileek luzatuko dute festa, goizaldeko ordu txikietara arte. Zezensuzkoaren irteera ere izango da tartean, elektrotxarangaren aurretik.

Ozenki abesbatzaren emanaldia izango da aurten ere Zikuñagako ermitan, Ama Birjinaren omenezko mezaren ondoren.
 

Zikuñagako Amaren ermitan hitzordua bihar, eta igotzeko autobus zerbitzua auzotik

Gaur baino lehenago hasiko dute eguna bihar; baina auzoko erdigunean beharrean, Zikuñagako Amaren ermitan jarri dute iganderako hitzordua, joan den urtean bezalaxe. Hori horrela, goizeko 10:00etan hasiko da meza ermitan, eta autobus zerbitzua jarriko dute auzotik, bertara igotzeko eta jaisteko. Zikuñagako errotondako geltokian izango da autobusa, eta hiru txandatan igoko da: 09:10etan, 09:25etan eta 09:40etan. Jaisteko, berriz, bi txanda izango dira, 11:00etan eta 11:30etan ermitatik abiatuta.

Ordura arte, jai giro ederraz gozatzeko tartea izango dute bertaratuek. Mezaren ondoren, Ereñotzuko Ozenki abesbatzak eskainiko du emanaldia bertan, beste behin. Eta segidan, erromeria egingo dute ermitaren aurreko plazatxoan, txistulariek markatutako erritmoari jarraituz, eta San Joan Konpartsako kideek gidatuta. Erromeria bukatuta, elkarrekin jaitsiko dira auzora, kalejiran.

Herri kirol erakustaldiak ere ez du huts egingo, harrijasotzaile eta aizkolariekin.
 

Harrijasotzaileak eta aizkolariak, kalejiraren zain

Auzora iristen direnerako, haien zain izango dituzte herri kirolariak, erakustaldia eskaintzeko prest. Eguerdian ekingo diote, harriak jasotzen eta aizkoran. Bost laguneko taldea izango da bertan, helduek eta gazteek osatutakoa. Horrela, bi harrijasotzaile gazte ariko dira lanean: Udane Ostolaza oriotarra (17 urte) eta Imanol Royo 'Lartain' zarauztarra (18 urte). Oso marka ederrak jarritakoak dira biak, dagoeneko. Aizkoran, berriz, etxe bereko hirukotea etorriko da: Jose Mari Esnaola aita, eta Aratz eta Eneko semeak. Lehenago ere, lehia politean aritutakoak dira: aita, bi semeen kontra. Dagoeneko koxkortu dira bi semeak, dena den... Zer prestatu ote dute biharko?

Tupperrak eta fianbrerak hartuta, bazkaltzera

Elkarrekin bazkaltzeko zita ere jarri dute auzotarrek, nork bere 'erara'. Izan ere, bakoitzak eramango du bere bazkaria etxetik, eta tupperrak eta fianbrerak hartuta azalduko dira elkartearen lokaleko aterpera. Bertan izango dituzte prest mahaiak eta aulkiak, Auzo Elkarteak jarrita; eta giro ederrak ere ez du hutsik egingo, seguru.

Bazkaldu ondoren, gainera, Ru­mmi Txapelketa izango da ber­tan, joko klasikoarekin. Auzozaintza zerbitzuak eta Zikuñagako Auzo Elkarteak antolatu dute elkarlanean, eta dagoeneko finkatuta daude partehartzaileak; baina partidak ikustera gerturatu daitezke nahi dutenak.

Horrekin jarriko diete errematea aurtengo Zikuñagako Ja­­­iei, eta behin txapelketa bukatuta eta sariak ba­na­tuta, festei bukaera emango diete, ahalik eta modu zarata­tsuenean: azkeneko traka prestatuta.

 

ZIKUÑAGAKO JAIAK

GAUR, larunbata

12:00-14:00, Puzgarriak

12:30, Tortilla lehiaketa

Ondoren, Sagardo dastaketa. Parte hartuko duten sagardotegiak: Larre Gain, Otsua-Enea, Zelaia, Petritegi, Oialume Zar, Altzueta, Itxas-Buru eta Elorrabi

16:00, Apar festa 

17:00-19:00, Puzgarriak

18:30, Arraiketai txaranga 

20:00, Danborrada

23:00, Zezensuzkoa

Ondoren, Matraka elektrotxarangaren irteera

01:00, TNT disko jartzaileak

BIHAR, igandea

10:00, Zikuñagako Amaren omenezko meza, ermitan

Ondoren, Ozenki abesbatza, ermitan

Bukatzean, Erromeria ermitan eta kalejira auzoraino, txistulariekin eta San Joan konpartsarekin

12:00, Herri kirolak

14:00, Bazkari herrikoia

Ondoren, Rummi Txapelketa, Auzozaintzak eta Zikuñagako Auzo Elkarteak antolatuta

Azkenik, Jaien amaiera trakarekin

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!