Sagardo dastaketa, txotxongiloak eta gehiago bihartik, Zikuñaga auzoko Jaietan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 7a, 00:00

Dantzarako eta jolaserako tartea izango da asteburuan, Zikuñagan.

Hiru eguneko egitarau oparoa prestatu dute Zikuñaga auzoko Jaietarako, eta bihar emango zaie hasiera festei, arratsaldeko txupinarekin.

Festa giroak hartuko du protagonismoa Zikuñaga auzoan, bihartik igandera bitartean auzoko jaiak ospatuko baitituzte. Gainera, aurten, bigarren urtez, Zikuñagako Amaren ermitarekin batera ospatuko dituzte auzoko festa kuttunak. Bihartik igandera, hamaika jarduera burutuko dituzte umeentzat, gazteentzat zein helduentzat; horregatik, antolatzaileek auzotarrei eta herritarrei bertaratzeko deia luzatu diete: «Gonbidatuta zaudete auzoan ospatuko diren ekitaldi guztietara. Eta gogoan ditugu aurten falta direnak ere, ez ditugulako inoiz ahaztuko».

Bihar emango zaie hasiera Zikuñaga auzo jaiei, arratsaldeko 18:00etan botako duten txupinarekin. Segida emango diote festari buruhaundiek, eta arratsaldeko 19:00etarako, Ostomila txotxongilo taldeak hartuko du lekukoa auzoko txikiei emanaldi eder bat eskaintzeko. Zikuñagako auzotarrek gaueko 23:00ak arte atseden apur bat hartzeko tartea izango dute; izan ere, ordu horretan igoko da Laiotz taldea oholtzara, auzotarren gorputzak dantzan jartzeko aitzakia hartuz.

Etzirako ere egun osorako egitaraua prestatu dute, eguerditik gauera arte, hain justu. Eguerdiko 12:00etan, txikiek zilipurdika eta jolasean ibiltzeko aukera izango dute, puzgarriekin. 12:30etan tortila lehiaketako irabazlea iragarriko dute. Ondoren, sabelak beteta, egarriak asetzeko sagardo dastaketa baten bueltan bilduko dira auzotarrak eta ondorengoak izango dira sagardotegiak: Larre Gain, Otsua Enea, Zelaia, Petritegi, Oialume Zar, Altzueta, Itxas-buru eta Elorrabi. Arratsaldean, aparrak estaliko du Zikuñagako auzoa, eta 17:00etan, puzgarriak irekiko dituzte berriro, haurren gozamenerako. Festa giroari jarraipena emango dio Arraiketai txarangak 18:30etan, eta 20:00etan, berriz, danbor hotsek hartuko dute protagonismoa. Gauean, zezen suzkoak argituko du auzoa, eta jarraian musikarekin amaituko dute eguna, Matraka elektrotxarangarekin eta DJs TNTrekin.

 
Igandean meza, herri kirolak, bazkari herrikoia eta Rummi txapelketa 

Zikuñagako Amaren omenezko mezarekin hasiko dute igandea, ermitan. Goizeko 10:00etan izango da hori eta autobus zerbitzua ere jarriko dute, auzotik ermitara igotzeko, eta ermitatik auzora jaisteko.  Zikuñagako biribilguneko geltokitik ermitarako ordutegiak ondorengoak dira: 09:10, 09:25 eta 09:40. Aldiz, ermitatik auzora jaisteko: 11:00 eta 11:30.

Eguerdiko 12:00etan hasiko dira herri kirolak. Harria jasotzen izango dira Udane Ostolaza eta Imanol Lartain; eta aizkoran izango da Jose Mari Esnaola, Aratz eta Eneko semeekin. Eguerdiko 14:00etan hasiko da bazkari herrikoia, eta antolatzaileek adierazi dute bakoitzak bere bazkaria eraman beharko duela: «Mahaiak eta aulkiak guk eramango ditugu». Igandeari amaiera emateko, Rummi txapelketan parte hartzeko aukera izango dute auzotarrek, Auzozaintzak eta Auzo elkarteak elkarlanean antolatuta. Eta ohi moduan, amaierako trakarekin emango zaie bukaera auzoko festei.

 

ZIKUÑAGA AUZOKO JAIAK

HERNANI

BIHAR

18:00 Txupinazoa

Ondoren, Buruhaundiak
dultzaineroekin

19:00 Ostomila Txotxongilo taldea

Ondoren, txokolatada

23:00 Dantza Laiotz
taldearekin

ETZI

12:00-14:00 Puzgarriak

12:30 Tortila lehiaketa

Ondoren, Sagardo dastaketa

16:00 Apar festa 

17:00-19:00 Puzgarriak

18:30 Arraiketa txaranga 

20:00 Danborrada

23:00 Zezen suzkoa

Ondoren, Elektrotxaranga matraka 

01:00, DJs TNT

IRAILAK 10

10:00 Zikuñagako Amaren omenezko meza ermitan

Ondoren, Ozenki abesbatza

Bukatzean, Erromeria eta
kalejira auzoraino txistulariak eta San Joan konpartsak lagunduta.

12:00 Herri kirolak

14:00 Bazkari herrikoia

Ondoren, Rummi txapelketa

Ondoren, Jaien amaiera trakarekin

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!