Zaintza zerbitzua Doberak, bihartik ekainera arte, Langile ikastolan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 6a, 00:00

Irailetik ekainera bitartean eskainiko du zaitnza zerbitzua, Doberak.

Zaintza zerbitzuan izena emateko aukera ikasturte osoan egongo da zabalik. 

Aste honetan emango diote hasiera 2023-2024 ikasturteari Urumea bailarako ikasleek. Langileren kasuan, bihar hasiko dituzte klaseak, eta horregatik, zaintza zerbitzua eskainiko du Dobera Euskara Elkarteak. Bihar hasi eta ekainera bitarte, egunero eskainiko dute zerbitzua astelehenetik ostiralera, goizeko 07:30etatik 09:00etara, familia bakoitzaren beharretara egokituta.

Haur Hezkuntzako bigarren maila eta Lehen Hezkuntzako seigarren maila bitarteko haurrentzat izango da zaintza zerbitzua, eta begiraleak arduratuko dira haurrak gelara eramateaz, ordua iristean.

 

Izenematea zabalik mantenduko du, Doberak

Oraindik zabalduta dago zaintza zerbitzuan izena emateko epea, eta Doberak aitortu du, ikasturtean zehar ere egongo dela horretarako tartea. Izena emateko, hiru bide daude aukeran: labur.eus/85zHF helbidean formularioa bete, dobera@dobera.eus helbidera idatzi, edo 662 406 692 telefonora deitu. Zerbitzuarekin aurrera egiteko, gutxieneko haur kopuru batek eman beharko du izena. Horregatik, lehenbailehen izena ematea gomendatu diete interesa dutenei.

Doberako bazkideek deskontua izango dute, eta honakoak dira prezioak: hilabetekoa 65 euro (bazkideek 60 euro), anai-arreba bat baino gehiago apuntatzeagatik 55 euro (bazkideek 50 euro), eta egun batekoa 7 euro (bazkideek 6 euro). Egun bateko erabilerarako, gutxienez 24 ordu lehenago abixatu beharko da (astelehenerako bada, 72 ordu lehenago).

 

Ikasturte hasiera, «modu goxoan»

«Modu goxoan» hasiko dute eguna haurrek, Doberako hezitzaileen eskutik: «Giro euskaldun, goxo eta ludikoan egongo dira, eguna ahalik eta modu atseginenean hasteko. Jolasak, mahai jokoak, irakurketa, margoketa... egin ahal izango dira», aurreratu dutenez. Era berean, haurren hezkidetza, elkarlana eta talde sentimendua bultzatuko du, eta euskal kultura ezagutarazi, eta lagun berriak egiten lagundu, adin ezberdinetako haurrak elkarrekin egongo baitira zaintza zerbitzuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!