Erakusketak, hitzaldiak eta mahai-inguruak irailean, Kulturarteko Plaza Feministan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 6a, 00:00

Miren Artetxe, Eli Pagola eta Maitane Gartziandia, ÑO komikiaren sortzaileak. Argazkia: Dani Blanco CC BY-SA.

Astelehenean jarri zuten ikusgai 'Bizitza jokoan' erakusketa Kulturarteko Plaza Feministan. Hilaren 28an, berriz, 'Ño' komikiaren erakusketaren irekiera saioa ere izango da. 

Kulturarteko Plaza Feministan ere hasi dute dagoeneko ikasturtea, eta hilabeteko programazioa ere sortu dute. Askotariko ekimenak egingo dituzte iraila amaitu arte, besteak beste, erakusketa, hitzaldia, eta mahai-inguruak.

Kulturarteko Plaza Feministako iraileko egitaraua astelehenean hasi zen, izan ere, 'Bizitza jokoan: Bortxatutako Giza Eskubideak eta Natura Eskubideak' erakusketa inauguratu zuten, eta hilaren 25era arte egongo da ikusgai, Mugarik Gabe elkartearen eskutik. Erakusketan ikusgai izango da, naturaren zein herrien eskubideen urraketan lau kasu. Kasu hauek, Paraguain, Kolonbian, Guatemalan eta Hondurasen kokatutakoak dira.

Irailaren 11tik 22ra bitartean, Emakumeentzako Jabetze  Eskolan izena emateko aukera zabalduko da, eta bi modutara egin daiteke online, edota Kulturarteko Plaza Feministara bertaratuta. Eta Emakumeen Jabetze Eskolari hasiera emateko emanaldia hilaren 22an izango da, Leokako labaderoan.  Mejillon Tigre kolektiboaren eskutik 'Hitz esana' emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek, gaueko 22:00etan hasita.

18rako, aldiz, 'Hernani Burujabe: energia eta monetaren gakoak' hitzaldia antolatu dute, Hernani Burujaberen eta Amher elkartearen eskutik. Arratsaldeko 18:00etan emango zaio hasiera hitzaldiari eta gaztelaniaz eskainiko dute. Hitzaldiek jarraipena izango dute, izan ere, irailaren 21ean, Jon Maiak 'Etorri berria eta euskara: zer dago euskaldunon esku?' izango du hizpide, 18:00etan hasita.

Irailaren azken asterako, 'Klima aldaketa ikuspegi feministatik' izeneko mahai-ingurua ere antolatu dute, Kulturarteko Plaza Feministan. Euskeraz eta gaztelaniaz izango da eta itzulpen zerbitzua ere eskainiko dute.

 

'Ño' komikiaren erakusketa, Kulturarteko Plaza Feministan

Irailaren 28an, genero ikuspegia kontutan harturik, bertsolaritza eta berdintasuna hizpide dituen 'Ño' komikiaren erakusketari hasiera emango zaio eta erakusketaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek urriaren 28ra arte. Kulturarteko Plaza Feministaren eskuorrian eta kartelean, arratsaldeko 19:00etan dela iragartzen du, baina arratsaldeko 18:00etan izango da erakusketaren irekiera. Liburuaren egileak dira Eli Pagola ereñotzuarra, Maitane Gartziandia eta Miren Artetxe. Emakume bertsolarien esperientziatik eta esperientziez hitz egingo duen liburua ondu du hirukoteak. Hamar eszena, testuinguru eroso eta ez hain erosoetan emakume bertsolarien mamuak, trabak, heldulekuak eta aurrera egiteko tresnak islatuko dituzte, besteak beste.

 

IRAILEKO EGITARAUA
KULTURARTEKO PLAZA FEMINISTAN

IRAILAREN 25 ARTE

Erakusketa, 'Bizitza jokoan: Bortxatutako Giza Eskubideak eta Natura Eskubideak'

IRAILAK 11-22 

Emakumeentzako Jabetze Eskolaren izenematea

IRAILAK 18 

18:00 Hernani Burujabe: energia eta monetaren gakoak

IRAILAK 21 

18:00 Hitzaldia. Etorri berriak eta euskera: zer dago euskaldunon esku? Hizlaria: Jon Maia Soria.

IRAILAK 22 

22:00 Emakumeentzako Jabetze Eskolako hasierako emanaldia: 'Hitz esana' Mejillon Tigre kolektiboaren eskutik 

IRAILAK 27 

18:30 Mahai-ingurua: Klima aldaketa ikuspegi feministatik

IRAILAK 28

18:00 'Ño' komikiaren erakusketaren irekiera (urriaren 27ra arte ikusgai)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!