13 talde izango ditu aurten Hernaniko Boleibol elkarteak, baina bat bera ere ez da Euskal Ligan arituko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 5a, 00:00

Guztira, 13 talde izango ditu aurten Hernanik.

«Jokalariaren okupazioak eta diru sarrera murriztuak» eraman du kluba Euskal Ligako taldeak ez ateratzera. Aurtengo denboraldian adin txikiko taldeei «lehentasuna» emango die Hernanik. 

Denboraldi berria prestatzen ari dira Hernaniko Boleibol Elkarteko kideak. Alabaina, berrikuntzekin dator aurtengo sasoia, Euskal Ligako taldeak ez baitituzte aterako: «Aurtengo denboraldia egoera berriarekin dator, erabaki da senior taldeko neska eta mutilen taldeak ez atzeratzea konpetiziora Euskal Ligan, azken urteetan izan den modura». Elkartetik azaldu dute «jokalarien okupazioak eta diru sarrera murriztuek» eragin dutela egoera hau. Hortaz, gainontzeko mailetako taldeei «lehentasuna ematea» erabaki dute. 

Gauzak horrela, 13 talde izango ditu aurten Hernanik. Nesketan 2 talde izango ditu infantil mailan, 3 kadete mailan, 2 jubenil mailan eta bakarra junior mailan. Mutiletan ere 2 talde lehiatuko dira infantiletan, bat kadete mailan, bat jubenil mailan eta beste bat juniorretan.  Hortaz, emakumezkoen 8 talde izango dira, eta gizonezkoen 5 talde: «Beti izan den modura, Hernaniko boleibolean neskak nagusi izango dira. Talde kopuruan eta, noski, jokalari kopuruan gehiago izango dira emakumezkoak, azken urteetako %80-%20 portzentaietara gerturatuta», adierazi dute elkartetik. Talde guzti horiek gidatzeko, 15 entrenatzaile izango dira aurtengo denboraldian. 

Elkartetik deialdia zabaldu dute boleibolean aritu nahi duten gazteentzat; izan ere, zabalik dago jada izena emateko epea. Informazio gehiago nahi dutenek boleibolahernanike@gmail.com helbide elektronikora idazteko aukera dute. Horrez gain, astearte eta ostegunetan arratsaldeko 18:00etan entrenatzen dute talde gehienek, eta probatzera eta galdetzera joateko aukera ahalbidetu dute. 

 

Boleibol Eskola antolatzeko aukera izango du elkarteak

Hastear den denboraldirako bigarren aldaketa bat iragarri du Boleibol Elkarteak. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak onartu egin die Boleibol Eskola antolatzeko eskaera. Urritik aurrera egingo dituzte saioak, 2012an eta 2013an jaiotako neska mutilekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!