Gipuzkoako Selekzioa eta Hernani garaile, VIII. Joxan Arabiotorre txapelketa euritsuan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 5a, 00:00

Zelaiaren baldintza txarragatik bertan behera geratzeko zorian izan zen txapelketa, baina azkenean partidu guztiak jokatzeko aukera izan zuten. Aurredenboraldia amaitzeko proba ona izan zen Hernaniko taldeentzat, eta balorazio positiboa egin dute klubetik.

Larunbat goizean jokatu zuten VIII. Joxan Arabiotorre txapelketa, Zubipen. Infantil eta Senior mailako nesken partiduak izan ziren goizean zehar, eta eguraldiak jokoa baldintzatu zuen arren, partidu txukunak jokatu zituzten parte hartzaileek. Infantiletan Hernanik irabazi zuen txapelketa; Seniorretan, berriz, Gipuzkoako Selekzioa izan zen garailea. 

Infantiletan Hernanik irabazi zuen.

Senior mailan lau taldek jokatu zuten lehiaketa. Lehenengo finalaurrekoan Hernani eta Reala lehiatu ziren. Oso partidu berdindua izan zen, 1-1 amaitu zuten norgehiagoka, eta penaltietan erabaki zen fasea; txuri-urdiñak hobeak izan ziren horretan, eta 1-2 irabazita finalera sailkatzea lortu zuten. Bigarren finalaurrekoan Gipuzkoako Selekzioak nagusitasunez irabazi zion San Ignaciori; 2-0 amaitu zen partidua.

Finalean berdintasuna itzuli zen Zubipeko berdegunera. Golik gabe, 0-0 amaitu zen Relaren eta Gipuzkoako Selekzioaren arteko partidua, eta penaltietan 3-4 irabaztea lortu zuen selekzioak. Hirugarren postua Hernanirentzat izan zen, San Ignaciori 0-4 irabazi ondoren.

Hala, txapelketa honekin bukatu du aurredenboraldia Hernaniko Euskal Ligako emakumezkoen taldeak. Mikel Mancisidor entrenatzaileak balorazio positiboa egin du: «Taldea, orokorrean, oso ondo dago. Aurredenboraldi luzea egin dugu, partidu dexenterekin, eta emaitzak onak izan dira. Jendea dinamika onean dator, fitxaketa gutxi egin ditugu, baina maila haundiko jokalariak dira. Sekulako ilusioa daukagu eta lanerako gogoz daude jokalariak».

Denboraldia prestatzeko proba ona izan zen Euskal Ligako neskentzat.

 

Infantiletan etxean geratu zen txapelketako garaikurra

Txapelketa bikaina osatu zuten Hernaniko Infantil mailako neskek ere. Ligaxka formatuan jokatu zuten txapelketa, eta bi garaipen eta berdinketa bat eskuratuta, 7 punturekin, lehenengo postuan amaitu zuten. Bigarren postua Intxaurdirentzat izan zen, Urnieta geratu zen hirugarren postuan eta Mariñok itxi zuen sailkapena.

 

Helburu ezberdinekin, hastear da 2023-2024 denboraldia Urumea bailarako futbol talde nagusientzat

Asteburu honetan jokatuko dute denboraldiko lehenengo partidua Euskal Ligako neskek eta Ohorezko Erregional mailako mutilek eta Jubenil Nazionalak. Mundarrok, berriz, datorren asteburuan hasiko du liga. 

 

Asteburu honetan hasiko da 2023-2024 denboraldia Urumea bailarako zenbait futbol talderentzat. Hernaniko Euskal Ligako neskek Gasteizen jokatuko dute igande arratsaldean, Deportivo Alaves B taldearen aurka; Ohorezko Erregional mailako mutilek ere etxetik kanpo abiatuko dute liga, Tolosaren kontra; eta Jubenil Nazionalak Eibarren jokatuko du. 

Denboraldi zirraragarria dute aurretik Euskal Ligako neskek. Iazko urteak utzitako aho zapore gozoa mantendu nahi dute berdeek, kategoria oso gogorra izango dela jakinik. Taldeko bloke nagusia mantentzea lortu dute, baina desberdina izango da zuzendaria; Aritz Lujanbiok gizonezkoen lehenengo taldeko ardura hartu duenez, Mikel Mancisidor izango baita emakumezkoen entrenatzailea denboraldi honetan. Etxeko lehenengo partidua datorren asteko asteburuan jokatuko dute, bigarren jardunaldian, Elorrioren kontra. Hasiera gogorra izango du Hernanik, lehenengo lau jardunaldietan ligako aurkari gogorrenen aurka jokatu beharko baitu. 

Helburu desberdina izango dute Ohorezko Erregional mailako mutilek. Iaz lortu ez zutena aurten eskuratzen saiatuko dira; igoera, alegia. Emaitzetan erregulartasuna eta jarraikortasuna lortzea izango da taldearen lehenengo helburua. Aurreko urtean luzea egin zitzaien denboraldia, eta amaierara frexko iristea izango da erronketako bat. Mutilek ere irailaren hirugarren asteburuan jokatuko dute lehenengo partidua etxean, Beasainen bisita jasota.

Jubenil Nazionalak ere asteburu honetan hasiko du denboraldia. Eibarren aurka jokatuko dute etxetik kanpo, eta Realaren bisita jasoko dute Zubipen bigarren jardunaldian. 

 

Aste bat beranduago hasiko da Mundarro

Aurten ere Gorengo Erregional mailan lehiatuko da Mundarro. Hernaniko bi talde nagusiak ez bezala, irailaren 17ko asteburuan abiatuko dute denboraldia moreek. Lehenengo jardunaldia Zarkumendegin jokatzea egokitu zaie, eta Touring izango da bisitaria. 

Mundarroren helburua denboraldia lasai bukatzea izango da. Maila mantentzea lortu zuten aurreko urtean, eta taldea bertan egonkortzea da asmoa. Horretarako, hasieratik puntuak pilatzea komeni zaie. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!