Barrenetxearen aurka 21-30 irabazita, Juaneneak jokatuko du finala

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 4a, 00:00

Juaneneak min haundia egin zion Barrenetxeari sakea berreskuratu zuenean.

Sasoi betean iritsi da txapelketa amaierara Saldiasko erremontaria. Finalean Ansa II izango du aurkari.

Larunbatean jokatu zuten Barrenetxea IV.k eta Juaneneak Buruz Buruko Txapelketako finalaurrekoa. Aztertzeko gauza asko utzi zituen partiduak, nagusitasuna aldatu egun zen tantoen joan-etorrian, eta Saldiasko erremontariak lortu zuen garaipena; 21-30.

Partiduaren lehenengo zatian elkarri tenperatura hartzen aritu ziren biak. Sakeak berebiziko garrantzia hartu zuen hasierako tantoetan, eta Barrenetxeak markatu zuen partiduaren erritmoa. Markagailuan zulorik ireki ezinda aritu ziren biak, eta berdinduta iritsi ziren lehiaren lehenengo herenera; 10-10. Horixe izan zen Barrenetxea IV.ren momentu gozoena, eta 18-14 aurreratzea lortu zuen.

Alabaina, hortik aurrerakoak urdin kolorea hartu zuen segituan. Juaneneak sakea berreskuratu zuen, eta lau tanto egin zituen errenkadan, markagailua iraultzeraino. Peloteoan ere konfiantza berreskuratu zuen Juaneneak, eta nagusitasunez lortu zuen 30 tanto osatzea. Sekulako txapelketa eginda, beraz, final haundia jokatuko du larunbat honetan.

Buruz buruko lehenengo finala izango da bientzat

Finalean Ansa II.a izango da Juanenearen aurkaria. Buruz Buruko Txapelketako lehenengo finala izango da bi erremontarientzat; hortaz, bai ala bai txapeldun berria izango du txapelketak. Jaialdia arratsaldeko 15:30etan hasiko da, eta bigarren partidua izango da finala.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!