Muniskuegañako multzo megalitikora bisita gidatua antolatu du Gipuzkoako Parketxe Sareak, hilaren 24rako

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 4a, 00:00

Luis Mari Zaldua izango da bisitako gidaria. Parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea, eta 6 euro ordaindu beharko ditu bisitari bakoitzak.

Gipuzkoako Parketxe Sareak antolatuta, Muniskuegañako multzo megalitikoa gertutik ezagutzeko aukera izango da irailaren 24an. Luis Mari Zalduaren gidaritzapean, bertako inguruak bisitatuko dituzte: «Zutarri bikaina, zista bikoitz paregabea, hiru cromlech, zein baino zein dotoreagoak... Leku gutxitan dago horrelako arkeologia ondarea hain eremu txikian», azaldu dute antolatzaileek.

Besabi izango da bisitaren abiapuntua, eta bidean azalpenak ematen joango da Zaldua: «Bidean zuhaitz lepatuekin, saroiekin, betizuekin eta beste hainbat altxorrekin goza daiteke. Eta, jakina, ezin ahantzi bide erdian dagoen Pozontarriko lepua izeneko dolmena. Aztarna horiek guztiak behinola Urumeako zilegimendiek abeltzaintzaren eta basogintzaren arloan zuten garrantziaz mintzo dira».

Gipuzkoako Parketxeen Saretik adierazi dute ibilbidea edonork egiteko modukoa dela. Goiza pasatzeko plana izango da, goizeko 10:00etan abiatuko dira bisitariak Besabitik, eta aurreikuspena da 14:00etan amaitzea. Jardueran parte hartzeko ezinbestekoa da izena ematea 943 49 50 69 edo 688 89 50 68 telefonoetara deituta edota arditurri@gipuzkoanatura.eus helbide elektronikora mezu bat bidalita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!