Aho zapore goxoarekin bukatu zituzten Latsunbeberriko eta Marielutseko festak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 4a, 00:00

Sagardo dastaketarekin amaitu ziren festak.

Jada amaitu dira Latsunbeberriko eta Marielutseko festak, baina azken jarduera bat izango dute ostiralean, txotxongiloekin.

Eguraldiak atsedenaldi txiki bat eman zien atzo Latsunbeko eta Marielutseko festei. Gastronomiarekin lotutako ekintzak prestatu zituzten jaietako azken eguna ospatzeko, eta gustura aritu ziren auzotarrak, janari eta edari artean. 

Urteroko ohiturari eutsiz, patata tortila lehiaketa izan zen protagonista. Patata, tipula eta arrautzak ziren erabilgarri zeuden osagai bakarrak, eta makina bat sukaldari gerturatu ziren Latsunbeko kirol pistara. Tripak ondo beteta, edariak hartu zuen lekukoa. Sagardo dastaketa egin zuten, bailarako hamar sagardotegiren parte hartzearekin; Altzueta, Rufino, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Otsua Enea, Gurutzeta, Oialume Zar, Zelaia eta Itxas Buru, hain zuzen. Goiza girotzen Hernaniko Bertso Eskolako bertsolariak eta herriko trikitilariak aritu ziren. 

Horrez gain, Kiroldegiko frontoian jokatu ziren Pelota Txapelketako finalak. Ondoren, eguerdiko 13:00ak aldera, sari banaketa egin zuten Latsunbeberrin. 

Jarduera guztiak amaituta, arratsaldeko 14:00etan, festen amaiera iragartzeko suziria bota zuten.

Kultur Birako ikuskizuna, ostiral honetan

Auzoko festak atzo bukatu ziren arren, eskaintza berezi gehiago izango dituzte Latsunbeberriko eta Marielutseko bizilagunek aste honetan. Hernaniko Udalak antolatutako Kultur Bira ekimenaren barruan, Kli Kla Birzikla txotxongilo ikuskizunaz gozatzeko aukera izango dute, ostiral honetan, arratsaldeko 19:00etan. Ikuskizuna amaitzen denean, gainera, txokolatada egingo dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!