AEBetan bira txiki bat eskainiko du Joxan Goikoetxea hernaniarrak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 3a, 00:00

Hiru kontzertu eskainiko dituzte Pratek eta Goikoetxeak.

Olatz Prat abeslariarekin batera, 'Zeru Horren Infernuak' emanaldia eskainiko du musikari hernaniarrak.

AEBetan bira labur bat eskainiko du Joxan Goikoetxea musikari hernaniarrak, Olatz Prat abeslariarekin batera. Irailaren 14tik 16ra 'Boise State University - Students Union Simplot AC' nazioarteko biltzarra egingo dute AEBetako Boise hirian. Biltzarraren helburu nagusia itzulpengintzari buruzko gaiak lantzea da, eta bertatik jaso dute euskal musikariek errezitaldiak eskaintzeko gonbidapena. 

Izan ere, 'Zeru Horren Infernuak - Shakespeareren sonetoak euskaraz' emanaldia eskainiko dute Goikoetxeak eta Pratek. Shakespeareren obra euskaratzeko lana Juan Garzia Garmendia itzultzaileak egin zuen, eta ondoren Joxan Goikoetxeak kantu bihurtu zituen obrako sonetoetariko batzuk. 

Proiektua 2015ean estreinatu zuten. Hainbat musikarik, abeslarik eta errezitatzailek hartu zuten parte orduko hartan, baina oraingoan formatu «intimoagora» egokitu dute obra: «Joxanek Olatz Praten ahotsari moldatu dizkio kantuak, eta, era berean, euskarara itzulitako eta egokitutako hainbat klasiko ere sartu dituzte bere errepertorioan, 'Biziak bizi nau' izenburuarekin». 

Guztira hiru kontzertu eskainiko dituzte AEBetan. Lehenengoa Boiseko unibertsitatean, bigarrena Renoko unibertsitatean eta hirugarrena, bereziena, San Frantziskoko Basque Cultural Centerren. Kontzertu horietan Juan Garzia idazlearen eta Larraitz Ariznabarretaren laguntza izango dute musikariek, «testuetara eta kantuetara hurbiltzeko zeregin garrantzitsuetan, hauek itzuli eta aurkeztuaz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!