Ostiral gauean jokatu zen XLVII. Lizardi Sariko finala, Zarauzko Modelo aretoan. Kanporaketako saioak gainditutako sei bertsolari aritu ziren kantuan, tartean Iker Ormazabal 'Tturko' hernaniarra. Hamahiru bertso puntuagarri abestuta, 249,5 puntu lortu zituen Tturkok, eta hirugarren postuan amaitu zuen. Halaxe geratu zen finaleko sailkapena: Garazi Navarro (265), Unai Mendiburu (263,5), Iker Ormazabal 'Tturko' (249,5), Ekhiñe Zapiain (248,5), Irantzu Idoate (241) eta Bittor Altube (233).
Zortziko haundiko ariketarekin hasi zuten finala bertsolariek. Lehenengo ariketatik nabarmendu ziren batzuk, eta berotzea kosta zitzaien beste batzuei. Zortziko txikian, urduritasunak eta hasierako tentsioak ahaztuta, umoretik osatu zituzten ariketak eta bizitzen joan zen saioaren erritmoa. Hirugarren ariketan hitz bat gaitzat emanda abestu behar zuten bertsoa finalistek; Tturkori kafea hitza egokitu zitzaion, eta fin harilkatu zuen bertsoa, kafearen eta bizitzaren garraztasuna konparatuta.
Seiko motzean ere ale ederrak osatu zituen Tturkok, eta bakarkakoarekin itxi zuen saioa. 'Marra gorri bat pasatzea leporatu dizute' izan zen ganbarako lana osatzeko gaia. Hala, ustelkeria kasu batean kateatutako politikari baten ahotik abestu zuen hernaniarrak.
Azkenean, Garazi Navarrok jantzi zuen txapela, eta Unai Mendiburuk lortu zuen bertso onenaren saria.
Bertsoaz gozatzeko zita ugari, irailean
Hernaniko eta inguruko bertsozaleek ez dute aspertzeko tarterik izango irailean. Hiru bertso saio izango dira hilabete honetan; Euskal Jaietako jaialdiaz gain, Iñurri elkartearen aldeko saio solidarioa eta bertso saio literario bat ere izango baitira.