Eguraldiak baldintzatu zuen egitaraua Latsunbeberriko eta Marielutseko festetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 3a, 00:00

Gaur jokatuko dituzte Pelota Txapelketako finalak.

Zenbait ekintza bertan behera utzi behar izan zituzten euriagatik. Gaur gastronomiarekin lotutako jarduerek hartuko dute lekukoa. 

Eguraldi txarrak baldintzatu zuen Latsunbeberri eta Marieluts auzoetako festetako larunbata. Bertan behera utzi behar izan zituzten kanpoan egitekoak ziren ekintzak, baina, karparen babesean, festa giroa mantentzea lortu zuten. 

Goizean jokatu zituzten IX. Esku Pelota Txapelketako kanporaketa faseko partiduak. Normalean auzoko frontoia erabiltzen dute partiduak jokatzeko, baina aurtengo edizioko partiduak Kiroldegiko pelotalekuan jokatu zituzten. Gustura aritu ziren CD Hernaniko gaztetxoak, eta, lehiaz harago, giro onean jokatu zuten. Txapelketako finalak gaur jokatuko dituzte, goizeko 11:00etatik aurrera. 

Euriak ez du gosea eteten; beraz, ahalik eta normaltasun haundienarekin egin zuten paella jana. Auzoko gazteak eta helduak elkartu ziren Latsunbeberriko kirol pistan, eta bingora jokatzeko tartea ere izan zuten bazkalostean. Arratsaldeko jarduera gehienak, aldiz, bertan behera geratu ziren. 

Gastronomiari lotutako igandea izango da gaurkoa

Gaur izango da Latsunbeberriko eta Marielutseko jaien azken eguna, eta gastronomiarekin lotutako ekintzekin itxiko dute asteburuko egitaraua. Hasteko, patata tortila txapelketa egingo dute; 11:00etan hasiko dira partaideak sukaldeko lanetan, lehiakideek arrautzak, patata eta tipula bakarrik erabili ahal izango dituzte, eta 12:30etan jakinaraziko dute epaimahaikideek nor izan den irabazlea. Jokoan dauden sariak Latsunbe, Tranbia eta Karrero tabernetako afari txartelak dira. 

Lehiaketaz gain, sagardo dastaketa ere izango da gaur, eguerdiko 12:30etatik aurrera; Altzueta, Rufino, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Otsua-Enea, Gurutzeta, Oialume Zar, Zelaia eta Itxasburu sagardotegiek hartuko dute parte. Gainera, eguerdiko tarteak girotzeko, trikitilariak eta bertsolariak ere izango dira. 

Tortilla lehiaketa izango da gaurko ekintza nagusietako bat.

 

Kultur Bira ekimenak luzatuko du jaietako egitaraua

Latsunbeberriko eta Marielutseko jaiak gaur bukatzen diren arren, egutegia datorren ostiralera arte luzatuko da. Izan ere, Hernaniko Udalak antolatutako 'Kultur Bira' ekimenaren barruan, Kli Kla Birzikla txotxongiloek ikuskizuna eskainiko dute Latsunben. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, eta txokolatada prestatuko dute txotxongiloen emanaldia bukatzen denean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!