Biteriko ikastaroetan izenematea etzi hasiko da irailaren 15era arte

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 2a, 00:00

Bi modutara egin daiteke matrikula; alde batetik, modu presentzialean Biterira bertaratuz; eta bestetik, modu telematikoan, kultura.hernani.eus webgunean.

Astelehenean hasiko da kultura ikastaroen matrikulazioa, eta hilaren 15era arte egongo da horretarako aukera. Urtez-urtez eskaintzen dituzten ikastaroez gain, ondorengo berrikuntzak daude: Sormenarekin jolasean, 3-5 urteko haurrentzat eta hilabetean behin familiei etortzeko aukera eskainiko zaie; 13-17 urte bitarteko gazteentzat marrazketa; Mindfulness; Kosmetika naturala; eta azkenik, idazketa tailerra. 

 

Ikastaroak ezagutzeko aukera, saio irekietan

Kultura ikastaroak ezagutzeko tartea ere eskainiko dute antolatzaileek, irailaren 11n eta 12an, sormenarekin jolasean, Mindfulness eta dantza garaikidea izango dira saioak. Klase ireki hauek dohainik dira, baina bertaratzeko aldez aurretik izena ematea beharrezkoa da kultura@hernani.eus helbidera idatzita.

Matrikulatzeko bi aukera daude; alde batetik, presentzialki Biterira bertaratuz (09:00-14:00 eta 16:00-20:00); eta bestetik, online egin daiteke matrikula, kultura.hernani.eus webgunean sartuta.

 

Auzoetan ere, tailerrak

Bestalde, auzoetako tailerretan izena emateko epea astelehenean hasiko da, eta hilaren 22an itxiko da izena emateko aukera. Antolatzaileek jakinarazi dute 6 urtetik gorako haurrek izena eman dezaketela, «norberak bere auzoan».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!