Ikasturte berriari hasiera emateko, kultur jarduerez eta jaiez beteta dator iraila

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 2a, 00:00

Gaur arratsaldeko 18:00etan eskainiko dute emanaldia Pirritx, Porrotx eta Marimototsek, Atsegindegin.

Adin guztietako herritarrek izango dute gozamenerako tartea hilabete honetan; izan ere, hamaika ekintzak osatuko dute iraileko kultur programazioa, sekulako emanaldi, ikuskizun, tailer edota hitzaldiak antolatu baitituzte. Era berean, irailean zehar festa giroa izango da nagusi herriko zenbait auzotan, hala nola, Latsunbeberrin eta Marielutsen, Zikuñagan, Karabelen eta Lizeagan.

Hasiera paregabea izan zuen irailak atzokoan, Latsunbeberriko eta Marielutseko Jaiekin, eta bihar  amaiera emango bazaie ere, kultur ekintza ugari izango dira hilabete osoan zehar, haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat. Hala, gaur arratsaldean sudur gorriak janzteko tartea izango dute etxeko txikiek, Pirritx, Porrotx eta Marimototsek emanaldia eskainiko baitute, Hernaniko Rugby Elkartearen eskutik, Atsegindegin. Urtero-urtero emanaldi berri bat sortzen dute, eta emanaldi berriarekin batera, abesti berriak ere bai. Beraz, herriko txikiek gozatu ederra hartuko dute gaurkoan, pailazoen kontakizun barregarriekin. 

Datorren asteburuan auzoetako jaien lekukoa hartuko dute Zikuñagako auzotarrek, eta hiru egunez festa giroa nagusituko da Zikuñaga auzoan. Hilaren 15etik 17ra bitartean, Euskal Jaiak ospatuko dira herriko zenbait txokotan, eta aurtengo jaietan ez dute hutsik egingo abeltzaintza azokak, sagardo dastaketak, trikitixa txapelketak, musikak... Hiru ikuskizun ederrez gozatzeko aukera ere izango dute herritarrek hilaren 15ean, 16an eta 17an. Izan ere, 15ean, Galesko eta Euskal Herriko 'Galestar konexioa' izeneko musika eta dantza emanaldia eskainiko dute, Gudarien Plazan. Hilaren 16an Esne Beltzako kideak igoko dira herriko plazako oholtzara, larunbateko festa giroa pizteko aitzakia hartuta. Irailaren 17koa, txikien gozamenerako eguna izango da, Dobera Euskara Elkarteak antolatutako Ene Kantak Dantzan emanaldiarekin. Sarrerak eskuragai daude dagoeneko bibe.me webgunean. Eta egun berean, arratsaldeko 20:00etan, Mulixka dantza taldeak eta Iñaki Perurena harri-jasotzaileak 'Harria' izeneko emanaldia eskainiko dute, Tilosetan. 

Euskal Jaiak amaitu bezain pronto, mugikortasun asteari emango zio hasiera, eta irailaren 20ra arte mugikortasunari lotutako martxa edota ikastaroak egingo dituzte, hala nola, bizikleta martxa, bizikleta konpontzeko oinarrizko mekanika ikastaroa...

Energia eta klima astea ere antolatu dute 24tik 30erako asterako, eta ekintza ugarik osatuko dute astea, besteak beste, 'The Biggest little farm' filmaren proiekzioa Biterin, 'Klima aldaketa ikuspegi feministatik' hitzaldia Kulturarteko Plaza Feministan, eta 'Niararen bidaia' haur antzerkia Biterin.

Irailaren 23rako, Errebeldeak Fest kirol eta rock inklusibo festa antolatu dute, eta iaz bezala, makina bat jarduera izango dira egun osoan zehar, Dame TVision elkarteak antolatuta. Eta egun berean emango zaie hasiera Karabel auzoko jaiei. 

Irailaren 28an, 'Tabuen kutxatik oholtzara' izeneko bertso saio musikatu solidarioa ekarriko du Iñurri elkarteak Hernanira. Amaia Agirre izango da gai jartzailea, eta lau bertsolari eta bi musikari igoko dira Biteriko oholtza gainera, minbizia erdigunean jarriz. Hurrengo egunean, berriz, 'GenErorAntz' dantza emanaldia eskainiko du Kimua dantza kolektiboak, Biterin. Sarrerak irailaren 20an jarriko dira eskuragai, Biteriko leihatilan edota kultura.hernani.eus webgunean. Eta irailari behar bezalako amaiera emateko asmotan, azken urteetan bezalaxe, Doberak liburu azoka antolatu du, hilaren 30erako. Atsegindegin izango dira, besteak beste, liburuen aurkezpenak, irakurraldiak eta  ipuin kontaketak.

 

Tailerrak eta erakusketak

Astelehenetik hilaren 15era, kultur ikastaroetan eta haurrentzako tailerretan izena emateko aukera ere eskainiko zaie herritarrei. Kultur ikastaroetan matrikulatzeko Biterira bertaratu daiteke, goizeko 09:00etatik 13:00etara eta arratsaldeko 16:00etatik 20:00etara.  Kultur jarduerez gain, haurrentzako tailerrak ere antolatu dira auzoetan, eta izena emateko auzo elkarteetan galdetu behar dute interesatuek.

 

KULTUR AGENDA

HERNANI

GAUR

18:00 Pirritx, Porrotx eta Marimototsen emanaldia. Hernaniko Rugby Elkarteak antolatuta. Atsegindegin.

IRAILAK 4-15

09:00-13:00/16:00-20:00 Kultura ikastaroetan martrikulatzeko epea. Biterin. 

IRAILAK 4-15

09:00-13:00/16:00-20:00 Haurrentzako tailerrak auzoetan. Izena emteko epea auzo elkarteetan. 

IRAILAK 8-10

Zikuñaga auzoko jaiak

IRAILAK 15-17

Euskal Jaiak: abeltzaintza azoka, sagardo dastaketa, trikitixa txapelketa, musika... 

IRAILAK 15

19:30 Galestar Konexioa. Galesko eta Euskal Herriko musika eta dantza emanaldia. Gudarien Plazan.

IRAILAK 16
23:00 Esne Beltzaren kontzertua. Gudarien Plazan.

IRAILAK 17
17:30 Ene Kantak Dantzan. Dobera Euskara Elkarteak antolatuTa. Kiroldegian.

IRAILAK 17
20:00 'Harria' dantza ikuskizuna. Mulixka dantza taldea eta Iñaki Perurena harri jasotzailea. Tilosetan.

IRAILAK 17 
10:00-12:30 Bizikleta martxa

IRAILAK 18-20 
17:30-19:00 Bizikleta konpontzeko oinarrizko mekanika ikastaroa. Biterin.

IRAILAK 18-20 
17:30-19:00, Patin ikastaroa. Ikastaroak doakoak dira, baina izena eman behar da: 943 331 031 edota ingurumena@hernani.eus.

IRAILAK 22
22:00 Leokako emanaldia. 'Hitz esana' olerki ikuskizuna. Mejillon Tigre kolektiboa. Antolatzailea: Berdintasun Kontseilua. Leokako labaderoan.

IRAILAK 23 
Errebeldeak Fest, kirol eta  rock inklusiboa. Saskibaloi, pala eta futbol egokituen txapelketak. Rock kontzertuak: 20:30 Motxila 21; 22:00 La Bona Dea; 23:30 El Quinto Contenedor. Antolatzailea: Dame TVision elkartea.

IRAILAK 23 
Mugarri bisita

IRAILAK 23-24 
Karabel auzoko jaiak

IRAILAK 26
Energia eta klima astea
19:00, The biggest little farm film proiekzioa, jatorrizko hizkuntzan. Biterin. Dohainik, gonbidapenak: Biterin edo kultura.hernani.eus. 

IRAILAK 27
Energia eta klima astea
18:30, Hitzaldia: 'Klima aldaketa ikuspegi feministatik'. Kulturarteko Plaza Feministan. 

IRAILAK 27
Hitz andana
19:00, Poesia errezitaldia. 'Mare, ilargiari poemak'. Pianoa: Idoia Asurmendi. Biterin. Sarrera librea.

IRAILAK 28
Energia eta klima astea
19:00, Hitzaldia: Energia komunitateak eta autokontsumo kolektiboa. Biterin. 

IRAILAK 28
Hitz andana
19:00, Bertso saio musikatu solidarioa. 'Tabuen kutxatik oholtzara'. Iñurri elkartea. Biterin. Sarrera 8 euro.

IRAILAK 29
Hitz andana
19:30, Dantza eta hitza, 'GenErorAntz', Kimua dantza kolektiboa.

IRAILAK 30
Energia eta klima astea
12:00, Haur antzerkia: Niararen bidaia. Biterin. Doan.

IRAILAK 29-URRIAK 1
Lizeaga auzoko jaiak 

IRAILAK 30
Liburu azoka, Atsegindegin. Antolatzailea: Dobera Euskara Elkartea.

URRIAK 1 
Poesia monopolia: Kale literatura taldea 'Gu gabe ere' (Itziar Ugarte) liburua oinarri hartuta.

ERAKUSKETA: Irailak 15era arte, 'Giza habitat ezkutatua'.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!