Eskolara bueltarako zenbait aholku eta xehetasun, haur, nerabe eta gurasoentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 2a, 00:00

Martxa hartuta, ikasturte berriari hasiera emango diote laister, bailarako gaztetxoek.

Zenbait ikerketa ekonomikok ziurtatu dute aurtengo eskolara buelta historikoki garestiena izango dela: «duela bi urte baino %14 garestigoa». Horri aurre egiteko, hemen dira irakurgai Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) familiei ematen dizkien aholkuak, besteak beste.

Uda atzean utzita, ate joka dute haur eta gazteek eskolara buelta. Hori horrela, datorren astean elkartuko dira bailarako haurrak eta gazteak klasekideekin eta irakasleekin, 2023-2024ko ikasturteari hasiera emateko asmoz. 

Umeek ez ezik, gurasoek paper garrantzitsua izan ohi dute data hauetan, izan ere, testuliburuak eta eskolarako material ugari behar izaten dituzte seme alabek, eta kostu haundia suposatzen du horrek gurasoentzat. Zenbait ikerketa ekonomikok ziurtatu dute aurtengo eskolara buelta, historikoki garestiena izango dela: «duela bi urte bainoa %14 garestiagoa. Une inflazionista batean gaude, eta fenomeno hori azken hiruhilekoan kontrolatu bada ere, igoera historiko horren eta jarduera ekonomikoaren motelaldiaren ondorioak nabaritzen dira». Horregatik, ondorengoak dira Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU) familiei ematen dizkien aholkuetako batzuk: joan materiala erostera seme-alabarik gabe, beharrezkoak ez diren gastuak saihesteko; Zerrenda bat egin etxean dagoen materialarekin eta ikusi ea benetan beharrezkoak diren erosketak; erosketan ahalik eta gehien aurreratzea eta udako merkealdia aprobetxatzea; EAEko eta Nafarroako doako liburuen mailegu-programei buruz informatzea, berriak erostea saihesteko; arropa, liburuak eta bigarren eskuko materiala trukatzea beste ikasturteko gurasoekin; eta  liburutegira edota guraso-elkartera joan bigarren eskuko libururik dagoen galdetzera.

Azken batean, ikerketa ekonomikoek gomendatu dute beharrezkoak ez diren gastuak aurreikusi behar direla: «erosketak aurreratu eta egon daitezkeen eskaintzak aprobetxatu, elkarlanean kontsumitu eta eskola materiala berrerabili».

 

Beka ez unibertsitarioen 
datak, baldintzak eta gehiago

Gastuak aurrezteaz gain, Eusko Jaurlaritzak urtero beka ez unibertsitarioak eskaintzen ditu, behar duten familiei laguntzeko asmoz. Beraz, beka eskatzeko aukera dute bailarako gurasoek dagoeneko, eta irailaren 30era arte dute aukera hori. Hala ere, matrikula 2023ko irailaren 30a baino geroagokoa bada, beka eskaera aurkezteko epea hilabetekoa izango da, matrikula egiten den egunetik hasita. Edonola ere, Eusko Jaurlaritzak dio, 2024ko apirilaren 30era arte baino ez direla onartuko beka eskaerak.

Bekaren eskabide orriari dagokionez, 2022-2023 ikasturtean beka edo laguntzaren onuradun izan ziren eta matrikula kudeatzeko aplikazioan sartutako irakaskuntzetan ikasten ari diren ikasleei, dagoeneko betetako eskabide zirriborroa emango zaie, SMS edota posta elektroniko bidez bidaliz: «eta eskabide zirriborro hori Ikasgunetik ere eskura dezakete». Gainerako ikasleek modu elektronikoan egin ahal izango dute eskaera, esteka honen bitartez: https://www.euskadi.eus/unibertsitateaz-kanpoko-bekak. Era berean, paperean ere eskuratu daitezke eskabide orriak, ikastetxean bertan.

Autonomia Erkidegotik kanpo erroldatuta egonez gero beka eskatzeko aukera ere badela aitortu du Eusko Jaurlaritzak: «baldin eta ikastetxea Euskal Autonomia Erkidegoan kokatuta badago». 

2022-2023 ikasturteko beka jaso dutenek, 2022-2023 ikasturtean emandako datuekiko aldaketarik egon bada, erantsi egin beharko dira aldaketa hauen egiaztagiriak. 2022an elkarbizitza-unitatean lortutako diru sarrerei dagokienez, soilik hauek aurkeztuko dira: Errentaren Aitorpenaren fotokopia, Gipuzkoan aurkeztu ez bada; eta bizikidetza unitatearen diru-sarrerak justifikatzeko beste edozein dokumentu (Ogasunean daturik ez dutenek), besteak beste, gizarte zerbitzuak, Caritas, eta Gurutze Gorria. 

Aldiz, 2022-2023 ikasturtean bekarik jaso ez dutenek, ondorengo agiriak aurkeztu beharko dituzte: Errenta Aitorpenaren fotokopia; bizikidetza-unitateko pertsonen erroldatze-txartela; bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak justifikatzeko dokumentuak, hala nola, Gurutze Gorria, Caritas...; familia ugaria, guraso bakarreko familiak zurztasun, minusbaliotasun, familiaren etxetik kanpo bizi diren anai-arreba unibertsitarioak eta abarren ziurtagiriak.

Behin-behineko eta behin betiko ebazpenen jakinarazpenak Eusko Jaurlaritzaren https://www.euskadi.eus/iragarki-taula-eletronikoa/ webguneko iragarki taula elektronikoan argitaratuko dira. Aipatutako iragarki-taulan ebazpenak argitaratzen direnean SMS edota posta elektronikoaren bitartez abisatuko dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzak. Behin-behineko ebazpenari alegazioak aurkezteko epeari dagokionez,  15 egun naturalekoa izango da, eta behin betiko ebazpenari errekurtsoak aurkezteko epea hilabetekoa, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoko iragarki-taulan argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. Laguntza dena batera ordainduko da hilabeteko epean, Kudeaketa ekonomikoaren zuzendariak behin betiko ebazpena ematen dutenetik aurrera. Ikastetxean egitezko baja hartu badu, 2023-2024 ikasturtea amaitu baino lehen beka ezetsi egingo da, eta ordaindu bada, itzuli egin beharko da.

 
Familia ugariak eta hezkuntza laguntza behar duten ikasleak

Familia ugarien kasuan, kenkari hauek dituzte familia errentan: 525 euro, familiaren etxebizitzan bizi den anai-arreba bakoitzeko, eskatzailea barne, kategoria orokorreko familia ugarien kasuan; 800 euro, familiaren etxebizitzan bizi den anai-arreba bakoitzeko, eskatzailea barne, kategoria bereziko familia ugarien kasuan; eta azkenik, 2.000 €, familiaren etxean bizi den anai-arreba bakoitzeko, eskatzailea barne.

Eta amaitzeko, hezkuntza laguntzaren premia duten ikasleen kasuan, ikasketetarako laguntzak eta sorospenak Hezkuntza Sailean hezkuntza laguntzaren premia duten ikasle gisa erregistratuta dauden ikasleei emango zaizkiela azaldu du Eusko Jaurlaritzak: «Hezkuntza laguntzaren premia duten ikasleak eskolatzearen ondoriozko gastu gehigarri orokorretarako, zenbateko finkoko 400 euroko sorospena lortu ahal izango dute ikasle hauek: Desgaitasunak edo jokabide nahaste larriak eragindako hezkuntza laguntzaren premia duten ikasleak; Hezkuntza premia bereziei lotutako komunikazio eta hizkuntza nahasmendu larria duten ikasleak; espektro autistaren nahasmenduari lotutako hezkuntza laguntzaren premia duten ikasleak; adimen-gaitasun handiari lotutako hezkuntza-laguntzaren premia duten ikasleak».  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!