Joxan Arabiotorre Txapelketa jokatuko dute gaur goizean Zubipen, emakumezkoen zortzi talderekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 2a, 00:00

Euskal Ligara buelta prestatzen ari da Hernaniko neska seniorren taldea, ekainean igoera lortu ondoren.

Goizeko 10:00etan hasita, zortzigarren edizioa izango du txapelketak, 10 partidurekin. Senior mailan ariko dira Hernani, Reala, San Ignacio eta Gipuzkoako selekzioa; eta infantiletan Hernani, Urnieta, Mariño eta Intxaurdi.

Gaur jokatuko dute Joxan Arabiotorre Txapelketaren zortzigarren edizioa, goizeko 10:00etan hasi­ta, Zubipen. Emakumezkoen zor­tzi talde ariko dira, bi mailatan: seniorrak eta infantilak.

Euskal Ligako hiru talde ariko dira seniorretan, Hernani, Real Sociedad eta San Ignacio bilbotarra; eta Gipuzkoako selekzioa izango da laugarrena. Semifinaletan ekingo diote haiek, eta 45 minutuko partiduak jokatuko dituzte, atsedenik gabe. Horrela, Hernani eta Reala ariko dira aurreneko semifinalean, 10:30etan hasita; eta Gipuzkoako selekzioa eta San Ignacio bigarrenean, 11:30etan. Ondoren, hirugarren posturako partidua jokatuko dute bi galtzaileek, 12:30etan; eta ordubete beranduago izango da final haundia, 13:30etan.

Infantilek, berriz, ligaxka formatuan jokatuko dute txapelketa, denek denen kontra. Hori horrela, hiru partidu jokatuko ditu talde bakoitzak. 25 minutuko partiduak izango dira.

Goizeko 10:00etan ekingo diote, bi partidurekin: Hernani eta Urnieta batean, eta Mariño eta Intxaurdi bestean. Ondoren, 10:30etan hasita, Intxaurdi eta Urnieta ariko dira aurrez aurre; eta 11:15etan jokatuko dute Hernanik eta Mariñok. Eta ligaxka osatzeko, 12:00etan jokatuko dute Intxaurdik eta Hernanik elkarren kontra; eta 12:45etan izango da Urnietaren eta Mariñoren artekoa. Partidu guztiak kontutan hartuta, emaitza onenak lortzen dituen taldea izango da txapeldun.

Joan den urtean, senior mailako finalera sailkatu zen Hernani, baina galdu egin zuen Gipuzkoako selekzioaren kontra (0-1). Reala izan zen hirugarren, eta Osasuna laugarren. Infantiletan, berriz, Osasuna C nagusitu zen iaz, Añorgaren, Eibarren eta Hernaniren aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!