Endika Barrenetxeak eta Aritz Juaneneak, Buruz Burukoaren finalerako txartela jokoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 2a, 00:00

Barrenetxea eta Juanenea, pelota aukeraketan. Argazkia: Maialen Andres

Gaur jokatuko dute semifinala hernaniarrak eta saldiastarrak, arratsaldeko 15:30etan hasita, Galarretan. Oso partidu gogorra eta irekia espero da, eta bere bosgarren finalera sailkatu nahi du Barrenetxeak. Imanol Ansa daukate zain.

Buruz Buruko Txapelketaren semifinala jokatuko dute Endika Barrenetxea hernaniarrak eta Aritz Juanenea saldiastarrak, gaur arratsaldean. Final haundirako bigarren txartela izango dute jokoan, 15:30etan hasita Galarretan; eta Imanol Ansa urnietarra daukate zain finalean.

Oso partidu gogorra eta irekia espero da, elkar oso ondo ezagutzen duten bi erremontistaren artean. Aurreko urteetan, partidu ikusgarriak jokatu dituzte elkarren kontra, Buruz Burukoan bertan. Aurtengo txapelketan, ligaxkako partiduan oso nagusi izan zen Barrenetxea, eta 26-17 irabazten ari zela hartu zuen min izterrean Juaneneak. Saldiastarra guztiz osatuta dago, ordea; eta hutsetik hasiko dute partidua.

Bere bosgarren finalera sailkatu nahi du hernaniarrak, eta partidu bizia izatea nahi du. Horretarako pelota egokienak aukeratu zituen astelehenean, biziak eta bote haundikoak. Saketik min egin eta peloteoan nagusi izan nahi du, tantoak gehiegi luzatu gabe, «arriskutsua baita hori buruz burukoan». Juaneneak, aldiz, pelota motelagoak hartu zituen: «Berez pelota biziak hartzeko asmoa nuen, baina ikusita berak halakoak hartu dituela, motelagoen alde egin dut», aitortu zuen.

Barrenetxea izango da faborito, baina buruz burukoan espezialista da saldiastarra, azkeneko urteetan erakutsi duenez. Edozer gertatu daiteke, 30garren tantora arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!