Emakumeentzako Jabetze Eskolako izen ematea zabalduko da

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 2a, 00:00

Izen ematea irailaren 11tik 22ra izango da udazkeneko Jabetze Eskoletan, Plaza Feministan.

Udazken honetan ere ikastaro mordoxka izango dira emakumeentzako, Kulturarteko Plaza Feministan. Ikastaro hauetan, askotariko gaiak landuko dira, besteak beste: osasuna eta gorputzaz ariko dira, klimaterioa eta menopausiaz, edota hilekoaz (10-14 urte bitarteko neskentzat); indarkeria matxistari aurre egiteko lanean, autodefentsa feminista ikastaroa eginen da; amatasuna eta sexualitateaz; ezagutza feministan sakontzeko, emakume filosofoen ekarpena ezagutzeko ikastaroa; kultura birdefinitzeko ahaleginean, munduko emakumeen literatura eta batukada feminista izango dira. Bestalde, emakumeen nortasuna eta autonomia suspertzeko, etxeko
ekonomiaren inguruko tailer berri bat izango da. Azkenik, gorputzetan arreta jartzeko hainbat proposamen egonen dira: batetik, nork bere burua zaintzeko eta ahalduntzeko, mindfulness eta yoga tekniketan oinarritutako tailer bana; bestetik, gorputzak dantzan jartzeko, adineko emakumeei zuzendutako tailerra.

 

Hamaika tailer izango dira

Orotara, 11 tailer izango dira eta izen ematea, irailaren 11tik 22ra izango da. Ohiko bideetatik, bai on-line izen ematea beteta, bai telefonoz edo emailez idatzita, bai Kulturarteko Plaza Feministara etorrita.

Ikastaro hauetan irakasle lanetan arituko dira: Juncal Alzugaray Zurimendi, Saioa Hernandez Castro (SexuenArt Elkartea), Clara Wolfram Perez, Txaro Unzilla Atxotegi, Marisa Hurtado Caballero, Mertxe Tranche Iparragirre, Arantxa Albizu Escobar, Ainara Sarasketa Alberdi, Renata Gonzalez Villaseñor, Su Hernandez Aparicio eta Emagin Elkarteko kideak.

Bestalde, Emakumeentzako Jabetze Eskolei hasiera emateko, urtero legez, kultur proposamen bat antolatu da, Hitz Esana, poesia-emanaldia, Mejillon Tigre kolektiboak sortua. Irailaren 22an izango da, 22:00etan, Leokako labaderoan. Halere, euria egingo balu, irailaren 29an izango litzateke.
Kontakturako: 943 33 70 17 / kulturartekoplazafeminista@hernani.eus.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!