Latsunbeberri eta Marielutseko Jaiekin zita, ikasturte berrirako indarrak hartzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 2a, 00:00

Joan den urtean berreskuratu zituzten auzoko festak, hiru urteko etenaldiaren ondoren; eta izan zuen arrakasta ikusita, menua errepikatu dute aurten. Atzo hasi ziren jaiak, eta bihar arte luzatuko dira, adin guztietarako ekintzekin: paella-jatea, jolasak, bingoa, sagardo dastaketa...

Abuztua bukatzearekin batera, bailarako herritar asko bueltatu dira lanera aste honetan, edo datorren astelehenean izango dute horretarako zita. Ikasleek ere, azkeneko opor egunak dituzte hauek, kurtso berriari ekin aurretik. Desiatzen izango dira batzuk, baina gainerakoak...

Testuinguru horretan, auzoetako festak izaten dira lagun paregabea Hernanin. Ikasturte hasiera honetan, ia astebururo izaten dira jaiak auzoren batean, urriaren bukaerara bitarte. Eta nola ez, Latsunbeberri eta Marieluts auzoetakoak izango dira aurrenekoak, iraileko aurreneko egunetan, kurtso berrirako indarrak hartzeko. Atzo hasi ziren festak, eta bihar arte luzatuko dira, balio anitzeko pista erdigune dutela. Menua, berriz, errepikatu egingo dute. Joan den urtean berreskuratu zituzten jaiak, pandemiak eragindako hiru urteko etenaldiaren ondoren; eta programa potoloa prestatu zuten hiru egunetarako. Arrakasta eta partehartze haundia izan zuten iazko festek, eta beraz, zertarako aldatu? 

Haurrek ez ezik, gurasoek ere ibili beharko dute buruhaundiengandik ihesi.
 

Ipuin kontaketa, aerorumba saioa eta sardin-jatea atzo, ondo hasteko

Arratsaldeko 18:30etan bota zuten jaien hasierako suziria atzo, baina nahikoa denbora izan zuten oraindik, festen aurreneko orduez gozatzeko. Apaxi kontalariaren ipuinak entzuteko tartea izan zuten aurrena, familian, exerita eta adi-adi; baina gorputza mugitu behar izan zuten ondoren, Jenny Perlazak markatutako erritmoari segika, aerorumba saioan. 

Jan-edanerako ere, primerako aukera izan zuten, sardin-jatearekin; eta DJ Mikeltxi arduratu zen estreinako gaua luzatzeaz, ordu txikietara arte.

 

Mota guztietako txapelketak, paella-jatea eta bingoa, 
larunbaterako plana

Atzoko gaua luzatuta, ez dute goizegi hasiko gaurko eguna; baina behin martxan jarrita, ez du etenik izango. Hernaniko esku pelotari gaztetxoak izango dira aurreneko protagonistak, goizeko 11:00etan hasita: Iturritxo Elkartea Txapelketaren kanporaketak jokatuko dituzte gaur goizean. CD Hernaniko 16 pelotari ariko dira, eskuz binaka, alebin eta infantil mailetakoak; eta semifinaletan ekingo diote. Honakoak izango dira alebinen semifinalak: Haitz Labaka eta Adei Esteban, Ekhi Lopezen eta Aimar Nietoren kontra; eta Inhar Arregi eta Ekai Bergara, Xuban Mirandaren eta Oihan Makatzagaren kontra. Infantiletan, berriz, beste hauek izango dira gaurko partiduak: Asier Iglesias eta Aratz Labaka, Ekhi Galdosen eta Eneko Oiagaren kontra; eta Maialen Esnal eta Araitz Legarreta, Xuhar Hernandezen eta Hegoi Zabalaren kontra. Euria eginez gero, kiroldegiko frontoian jokatuko dute.

Gaur jokatuko dituzte esku pelota torneoaren kanporaketak, eta bihar finalak.
 

Pelota partiduen ondoren, auzoa alaitzeko, buruhaundiak eta trikitilariak aterako dira kalera, baita Tximeletak txaranga ere. Eta eguraldiak markatuko du bazkalordura bitarteko bidea, gaztetxoentzat: apar festa dago aurreikusita, baina eguraldi txarrarekin ezingo dute egin.

Paella-jatearen alde egin dute aurtengo jaietan ere, larunbateko bazkarirako; eta ohi bezala, aurreratu dute prezio merkean izango direla eskuragarri txartelak. Gainera, bero-beroa izango da giroa: jolas sorpresa egingo dute, eta baita bingoa ere.

Arratsaldean, berriz, haurrentzako jolasak eta txapelketak izango dira gozagarri. 17:00etan hasiko da ping-pong txapelketa, eta 18:30etan toka txapelketa. Azkeneko horretarako, 2 euroan eman behar da izena, eta sari potoloa jasoko du irabazleak: izenemateekin bildutako diruaren erdia.

Eta hortik aurrera, musika izango da protagonista, DJ Nemuxek ez baitu hutsik egingo: saio luzea eskainiko du, iluntze­ko 20:30etatik goizaldeko 02:00etara. Bitarte horretan, bingo herrikoia eta zezensuzkoa izango dira; eta afaltzeko etxeratu beharrik ere ez daukate herritarrek: edariak, ogitartekoak eta pintxoak izango dira uneoro txosnan, jai batzordeari ekonomikoki laguntzeko, festen antolaketari aurre egiten.

 

Sagardo dastaketarekin bukatuko dituzte Latsunbeberri eta Marielutseko Jaiak, aurten ere.
 

Patata tortilla lehiaketa, sagardo dastaketa eta pelota txapelketaren finalak, bihar

Bihar eguerdiko 14:00etan bukatuko dira Latsunbeberri eta Marielutseko festak, eta goizeko 11:00etan hasiko dira ekintzak. Jaien azkeneko hiru orduak izango dira, beraz... Baina ez dira nolanahikoak izango hiru ordu horiek.

Zita hirukoitzarekin hasiko dute eguna 11:00etan, adin eta gustu guztietarako ekintzekin. Batetik, eskulan tailerra egingo dute, Iturritxo elkartearen lokalean. Horretarako, ezinbestekoa da izena ematea, elkartean bertan, oinarriak emango baitizkiete tailerraren aurretik.

Bestetik, 11:00etan hasiko dira Iturritxo Elkartea esku pelota txapelketaren finalak ere, gaurko kanporaketetan sailkatu diren gaztetxoekin.

Eta azkenik, patata tortilla lehiaketa izango da, ordubeteko tartean. Txosnan entregatu beharko dituzte tortillak auzotarrek, eta hiru osagai bakarrik erabili ditzakete: arrautza, patata eta tipula. Tortilla guztiak jasotakoan, 12:00etan, balorazioa egiteari ekingo dio epaimahaiak, kide «ospetsuekin»; eta ordu erdiko tartean deliberatuta, 12:30etan banatuko dituzte hiru sariak: bi lagunentzako afariak Latsunbe, Tranbia eta Karrero tabernetan.

Epaimahaikideek tortilla guztiak dastatu bitartean, bertsolariek ere egingo dute saioa, goizari umore puntua jartzeko: Andoni Rekondo eta Iker Ormazabal Tturko arduratuko dira horretaz.

Eta azkenik, trikitilariek girotuta, ez du hutsik egingo sagardo dastaketak ere. Aurten, gainera, 10 sagardotegitako sagardoa izango da aukeran: Akarregi, Alberro, Altzueta, Elorrabi, Gurutzeta, Itxas-Buru, Oialume Zar, Otsua-Enea, Rufino eta Zelaia. Horrekin, eta azkeneko suzirien jaurtiketarekin, agurtuko dituzte aurtengo jaiak. 

 

Kultur Birak geldialdia auzoan, datorren ostiralean

Bihar bukatuko dira auzoko festak, baina kultur ekintzek jarraipena izango dute datorren astean. Izan ere, ostiralean egingo du geldialdia bertan Kultur Birak, Hernaniko Udalak eta auzo elkarteek antolatu duten egitasmoak.

Hori horrela, Kli! Kla! Birzikla! txotxongilo ikuskizuna eskainiko du Bihar Taldeak, arratsaldeko 19:00etan hasita. Zabor artean aurkitutako gauzak gordetzen ditu antzezlaneko protagonistak: botilak, kaxak, paper bilduak, latak... Eta txotxongiloak egiten ditu ezkutuan. Horretan harrapatzen dutenean, Txanogorritxu eta Ahatetxo itsusia ipuinak kontatzen dizkie. Oso gustuko du hori, eta beraz, erabakiko du aurrerantzean ere gordetzea berrerabili daitezkeen gauzak. Horrela, istorio berriak kontatu ahal izango ditu, aktoreak, objektuak eta txotxongiloak nahastuz.

45 minutuko emanaldia da, 3 urtetik gorakoentzat. Eta ondoren, txokolatada egingo dute auzoan, 20:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!