Odriozolak Belgradora bidaiatu du Munduko Txapelketan aritzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 1a, 00:00

Beñat Odriozola Serbian airtuko da arraunean.

Astelehenean debutatuko du Munduko Txapelketa Paralinpikoan eta finala gaur zortzi izango da.

Beñat Odriozola Aranburuk etzi hasiko den Munduko Txapelketan parte hartuko du. Serbian, Belgrado hirian, jokatuko dira maila olinpikoan eta maila paralinpikoan eta arraunlari hernaniarra PR2 kategorian, skiffean arituko da. Gainera, debutatuko du, astelehenean, goizeko 09:30etan. Serie bakarra jokatuko da, bere PR2 skiff mailan, eta finalera zuzenean serieko sei arraunlariak sailkatuko dira. 

Beñat Odriozolaren aurkariak izango dira: Julian Pablo Garcia (Argentina), Gian Filippo Mirabile (Italia), Bakbergen Balabek (Kazajistan), Krists Mickevics (Letonia) eta Cornelis De Koning (Herbehereak). Finala irailaren 8an, ostiralean izango da.

 

'Maialen'-ek amaitu du denboraldia, Kontxako sailkapenean 16garren geratuta

Maialen traineruak amaitu du denboraldia Kontxako sailkapen estropadarekin. Hernaniko traineruak 16garren amaitu zuen Orio garailearengandik bi minutu eta 11 segundura. Itsasoaren egoera oso txarra zen eta hernaniarrak ahalik eta estropada onena egitera irten ziren, sailkatzeko aukerarik ez zutela jakinda. Bi ontzi galiziar utzi zituen atzetik, Cesantes eta Mugardos, eta helburua bete zuela esan liteke. 

Orain denboraldiaren balorazioa egingo dute klubak eta traineruko ordezkariek. ETE Ligan, txapelketetan eta Kontxako sailkapenean hartu dute parte eta pixkana-pixkana hobekuntza nabaritu da denboraldian zehar. Esperientzia hartu dute arraunlari gazteek eta etorkizunean maila hobetzea da helburua. Horretarako harrobian emaitza onak lortu dituzten arraunlariak mantentzea beharrezkoa da. 

 

Hernaniko ordezkariak, Kontxan

Maialen trainerua ez zen Kontxara sailkatu, baina horrek ez du esan nahi Hernaniko eta bailarako arraunlaririk egongo ez denik Donostiako Banderan. Hondarribia ederki gidatu zuen Miren Garmendia patroi hernaniarrak. Lan haundia izan zuten patroiek eta Garmendiak bere abilezia erakutsi zuen. Hondarribiarrek bosgarren amaitu zuten. 

Hibaikarekin ere sailkatu ziren arraunlari hernaniarrak eta iraileko bi igandeetan arituko dira arraunean. Orioko traineru irabazlearen parte izan zen Eider Barba.

Mutilen estropadan Ondarroa sailkatu zen, zazpigarren postuan eta bertako partaide da Ivan López hernaniarra. Berarekin batera arituko da Kontxan, Donostiarra traineruan, Xabat Pastor arraunlari hernaniarra. Aurten ere Hernanik izango ditu ordezkariak.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!