Udara honetan, jai asko izan ditugu inguruan eta guztietan arazo berdina topatu dut. Jaietan jakin badakigu adin guztietako pertsonak ditugula eta hori kontuan hartu beharko genuke.
Txoznak gaztez beterik egoten dira; bai barra atzean zein aurrean. Horrekin batera, askotan gurasoak egoten dira inguruan; batzuk gazteak zaintzen eta beste batzuk parrandan.
Pertsona ugari, festa ugari, adinez anitzak baina denak gauza bat amankomunean, alkoholaren kontsumoarekiko onarpena. Adin txikikoak nahi adina alkoholdun edariak txoznetan erosten, inongo kontrolik gabe ez gurasoengandik ez eta barra atzean daudenengandik.
Hau gutxi izango balitz, guraso batzuk prest daude kalimotxo bat ateratzeko txoznan ateratzen ez badiote.
Udaletxeak ere ez du inongo interesik gai honetan esku hartzeko, udaltzaingoek ere beste alde batera begiratzen dute, beraien lana legea betearaztea da, baina ez dute halakorik egiten.
Gizarte honetan, alkoholaren kontsumoarekiko dugun onarpena izugarrizkoa da, ez naiz norbanakoetaz ari, baizik eta gizarte oso baten babesaz. Konplizitate hutsaz aritzen gara adin txikikoak edaten ikusten ditugunean, nahiz eta ondo ez iruditu.
Ahaztutzen zaigu alkohola droga dela, eta 12, 13, 14…ko pertsonak garatzen ari direla oraindik. Hortaz, pertsona nagusi batean ondorio latzak ekartzen baditu, zer esanik ez gazte hauen gorputzetan.
Ez da soilik nik pentsatzen dudana, ez da zure nahia edo bestearen iritzia. Debekatuta dago, debekatuta dago adin txikikoei alkohola saltzea, ez dago besterik eta hau betearazi behar da.
Goazen beste festa eredu batzuk sustatzera, goazen gazteei erakustera ez dela beharrezkoa edatea edo mozkortzea ondo pasatzeko. Denon ardura da!
Brayan Altimasberes Alaminos