Bihar jokatuko da XLVII. Lizardi sariketako finala, Zarauzko Modelo aretoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 31a, 00:00

Iker Ormazabal 'Tturko'.

Sei finalisten artean Iker Ormazabal 'Tturko' hernaniarra arituko da. 22:00etan hasiko da finala, Modelo aretoan.

Bihar gauean jokatuko da XLVII. Lizardi sariketako finala, Zaruzko Modelo aretoan. Hamasei bertsolarik hasi zuten sariketa kanporaketa fasean, eta sei onenen artean lehiatuko dira txapela eskuratzeko. Lehia horretan izango da Iker Ormazabal 'Tturko' bertsolari hernaniarra; kanporaketa fasean 205 puntu pilatu zituen, eta laugarren postuan sailkatu zen final haundira. 

Tturkorekin batera kantuan arituko dira Ekhiñe Zapiain (Bera), Bittor Altube (Abadiño), Garazi Navarro (Amoroto), Unai Mendiburu (Algorta) eta Irantzu Idoate (Hazparne). 

Bertsolari bakoitzak hamalau bertso puntuagarri abestu beharko ditu, eta bi zatitan banatuko da saioa. Lehenengo zatian honakoak izango dira osatu beharreko ariketak: Hiruna bertso zortziko haundian, hiruna bertso zortziko txikian, hitzari bertso bat hamarreko txikian eta hiruna bertso seiko motzean. 

Ariketa horiek bukatzean ganbarako lana egin beharko dute sei bertsolariek. Hala, bi puntu erantzun beharko ditu bakoitzak, eta bakarka bi bertso bota beharko dituzte neurri librean. 

Saioa amaituta, gauerdian jakinaraziko dute epaileek nork irabazi duen aurtengo edizioa. Bertso onenaren saria ere banatuko dute. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!