Erroka taldeak itxiko du Burrunbak antolatutako udako kontzertu zikloa

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 31a, 00:00

Nahia Valleren kontzertua izan zen lehenengoa.

Eguraldiaren arabera, Goiz Eguzkin edo Atsegindegin eskainiko dute zikloa itxiko duen kontzertua.

Hiru kontzertuko zikloa aurkeztu zuen Burrunba gazte euskaltzale taldeak udara hasieran, eta bihar amaituko dute Erroka elektrofolk taldearen kontzertuarekin. Arratsaldeko 20:00etan hasiko dira musikari hernaniarrak kontzertuarekin. Eguraldiak laguntzen badu, Goiz Eguzkin eskainiko dute azken saioa; eguraldi txarra egiten badu, aldiz, Atsegindegin izango da. 

Biharko kontzertuak uztailean hasitako ziklo arrakastatsua itxiko du. Uztailaren 27an jende ugari bildu zen Goiz Eguzkiko lorategian, Nahia Valle abeslari hernaniarraren kontzertuaz gozatzera. Gonbidatu bereziekin osatutako kantutegia eskaini zuen Vallek, eta, eguraldia lagun, giro ederra sortu zuen. Astebete beranduago, abuztuaren 3an, Hernaniko Bitartean folk taldeak hartu zuen lekukoa. Kasu honetan eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, baina euri tantak ez ziren kontzertua gauzatzeko oztopo nahikoa izan. 

Biharko kontzertuarekin arrakastatsua izan den zikloa itxiko du Burrunbak. Bi helburu nagusi bete nahi izan ditu gazte euskaltzale taldeak: euskarazko kultur eskaintza indartzea eta herriko musikariekin osatutako egitaraua sortzea. 

 

Ekintza gehiago egingo dituzte urtea bukatu aurretik

Udara amaitzear bada ere, lanean jarraitzeko asmoa dute Burrunba gazte euskaltzale taldeko kideek. Oraindik ez dute zehaztu hitzordurik, baina ekintza gehiago egingo dituzte udazkenean eta neguan. Aurreko urteko zenbait ekintza errepikatzeko lanean ari dira jada, eta proiektu berriak ere martxan jarriko dituzte. Datozen asteetan jakinaraziko dituzte jarduerak taldearen sare sozialen bitartez.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!