Kontxara sailkatzeko estropadan arituko da gaur 'Maialen' trainerua

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 30a, 00:00

Bihar arratsaldean saiatuko da 'Maialen' trainerua Kontxara sailkatzen.

Arratsaldeko 18:00etan hasiko dira sailkapen estropadak. B taldean arituko da 'Maialen'.

Amaierara iristen ari da arraun denboraldia, eta arraunlariek ate joka dute jada Kontxako Bandera. Gutxi batzuk izango dute iraileko lehenengo bi igandeetan Donostiako badian lehiatzeko aukera, eta gaur jokatuko dira emakumezkoen txandara sailkatzeko estropadak. 

Sailkapena lehiatuko dutenen artean izango da Hernaniko Arraun Elkarteko 'Maialen' trainerua. Denboraldi berezia borobiltzeko gogoa dute hernaniarrek, eta jakinarazi dute «orain arte bezala dugun guztia emango» dutela. Bi taldetan banatuko dira traineruak, eta B taldean lehiatzea egokitu zaio Hernaniri. Talde hauek osatuko dute txanda: Cesantes, Perillo, Deustu, Mugardos, Ondarroa, Astillero eta Zarautz. Bi taldeetatik sailkatzea lortzen duten traineruak igandean goizeko 11:00etan lehiatuko dira. 

Gizonezkoen txanda bihar izango da, sailkapen estropadarekin. Hernaniko trainerurik uretaratuko ez den arren, bailarako arraunlari ugari arituko dira zenbait trainerutan.

Denboraldi ona izan dela nabarmendu dute klubetik

Azken txanpa geratzen den honetan, denboraldiaren balorazio orokorra helarazi dute Hernaniko Arraun Elkarteko kideek. Asier Ocon entrenatzaileak positibotzat jo du aurten egindako lana: «Denboraldia landua, talde berri batean oinarritua eta emakume arraunlari gazteez osatua izan da». 

Oconek hiru zatitan banatu du denboraldia; ekainean «arraunketa estiloa topatzea» izan zen helburua, uztailean «arerio zuzenak ezagutzea» eta abuztuan aurkariengana «gehiago hurbiltzea». Amaitzeko, poztasuna adierazi du Oconek: «Oso pozik nago guztiek erakutsi duten ardura eta lan haundiarekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!