Bilera irekia bihar, Mañe i Flaquerreko obren gertaeren berri emateko

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 30a, 00:00

Zuhaitz berriak jarriko dituzte zaharren ordez.

Arratsaldeko 19:00etan hasiko da informazioa emateko bilera irekia, Gabriel Zelaia eraikinean. 

Abuztuaren lehenengo astean hasi zituzten Mañe i Flaquer plaza eraberritzeko obrak. Aurreikuspenen arabera, lau hilabeteko iraupena izango dute lanek, eta irisgarritasuna zein argitasuna hobetzea dira lehentasunak. Lanak martxan dauden honetan, ezusteko bat izan dute udal langileek: «Azken egunetan ezusteko bat izan da plazako zuhaitzekin. Zuhaitzak mantentzea zen hasierako asmoa, teknikari arduradunak, ordea, zuhaitzen egoera ikusita kentzeko aholkua eman digu. Beraz, zuhaitz zaharrak berriengatik ordezkatuko dira», azaldu dute. 

Plazaren eraberritzea auzoko bizilagunekin elkarlanean adostutako proiektu batetik gauzatzen ari dira. Horregatik, azken orduko aldaketei buruzko informazioa emateko, bilera irekia antolatu du Hernaniko Udalak. Bilera bihar izango da, arratsaldeko 19:00etan, Gabriel Zelaia eraikinean. Berrikuntzez gain, obraren gainontzeko atalei buruzko azalpenak ere emango dituzte. 

Bi zatitan banatutako plaza argitsuagoa izango da

Lanak amaitzen dituztenean bi eremu izango ditu Mañe i Flaquer plaza berrituak, eta bakoitzak erabilera bat izango du: «Beheko aldeak lorategi baten antza izango du, belarra eta zuhaitzekin. Goiko aldean, ostera, kirola egiteko eta jolasteko eremua izango da. Batetik bestera igarotzeko pasabide eta guzti». Horrez gain, «koexistentzia gune bat» ere sortuko dute eremu horretan, Kulturarteko Plaza Feministaren eraikinarekin lotzen duen errepidean: «Zorua margotuko da oinezkoei lehentasuna eman eta ibilgailuen abiadura murrizteko asmoarekin».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!