Ur hornidura eta hondakin bilketagatiko tasak ordaintzeko dirulaguntzen oinarriak, onartuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 30a, 00:00

20.000 euro bideratuko ditu Hernaniko Udalak laguntza hauetara.

Irailaren 1ean irekiko dute eskaerak egiteko epea. Informazioa eskuragarri dago http://www.hernani.eus/eu/dirulaguntzak estekan.

Onartuta daude jada ur hornidura eta hondakin bilketagatiko laguntza ekonomikoen oinarri orokorrak eta deialdia. Dirulaguntzaren helburua bi tasa horien ordainketarako laguntza eskaintzea da, eta 20.000 euro bideratuko dituzte horretarako. Deialdia abuztuaren 29ko GAOn argitaratu dute, eta informazio guztia eskuragarri dago http://www.hernani.eus/eu/dirulaguntzak estekan eta Herritarren Harrera Zerbitzuan. 

Eskaerak egiteko fitxa bat bete beharko dute interesa dutenek, eta irailaren 1etik urriaren 31era arteko epea izango dute beharrezkoak diren datu guztiak Udaletxeko erregistroan aurkezteko. 

Baldintzak eta eskaera egiteko prozedura

Dirulaguntza hauek jasoko dituzten onuradunek baldintza jakin batzuk bete beharko dituzte, Hernaniko Udalaren webgunean zehazten direnak. Hasteko, familia unitate bakoitzeko diru sarrerek ezingo dute mugatutakoa baino altuagoak izan. Horrez gain, dirulaguntza eskatzen duten etxeaz gain, onuradunek ezin izango dute beste ondasunik izan. Eskaera egiteko, berriz, zenbait datu helarazi beharko dituzte eskatzaileek; tartean etxebizitza bakoitzean erroldatuta dauden pertsona guztiek 2023an jasotako irabazien egiaztagiriak.

Dirulaguntza jaso nahi duten guztiek Hernanin erroldatuta egon behar dute eta ezin dituzte Hernaniko Udalarekin zorrak eduki.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!