Ostiral honetan hasiko dira Latsunbeberriko eta Marielutseko Jaiak, askotariko ekintza eta jarduerekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 29a, 00:00

Apar festak hartuko du Latxunbeko pista larunbat eguerdian.

18:30etan hasiko dira Latsunbeberriko eta Marielutseko Jaiak, eta igandean amaituko dira. Horrez gain, irailaren 8an 'Kultur Bira' programaren barruko ikuskizuna izango dute auzoan, Kli Kla Birzikla txotxongiloekin. 

Jarraipena izango dute asteburu honetan Hernaniko auzoetako festek; Portutik Latsunbeberrira eta Marielutsera pasako da festa giroa, ostiraletik igandera arte. Irailaren 1ean arratsaldeko 18:30etan botako dute lehenengo suziria, eta hiru ekintza egingo dituzte arratsaldean bertan. 18:30etan ipuin kontalaria izango da, ondoren aerorumba saioa Jennyrekin, eta 20:30etan sardin jate herrikoia. Gaua alaitzeko ardura, berriz, Mikeltxirena izango da, 21:30etatik 02:00ak arte musika jarriko baitu Latsunbeberriko kirol pistan. 

Larunbatean goizean goiztik hasiko dira jarduerak Latsunbeberrin eta Marielutsen. Aurten esku pelota txapelketaren IX. edizioa jokatuko dute, eta hilaren 2an izango dira kanporaketa faseko partiduak. CD Hernaniko gaztetxoak lehiatuko dira bertan, eta finalerako txartela lortzen duten pelotariek igandean jokatuko dute azken partidua, 11:00etan hasita. Pelotaz gain, buruhaundiek eta trikitilariek girotuko dute larunbat goiza, eta aparrez beteko da kirol pista, festetako ekintza arrakastatsuenetako bat izaten den jaialdiarekin. Bazkalorduan mahai baten bueltan hartuko dituzte indarrak auzokideek, arratsaldeko ekintza guztiei gogotsu ekiteko. Puzgarriak, ohe elastikoak, ping pong txapelketa eta txokolatada izango dira jardueretako batzuk. Eguna amaitzeko, Dj Nemuxen musika saioa, bingo herrikoia eta zezen suzkoa egingo dituzte. 

Jaiak igande goizean amaituko dira gastronomiarekin lotutako ekintzekin. Hasteko, patata tortila txapelketa egingo dute; 11:00etan hasiko dira partaideak sukaldeko lanetan, eta 12:30etan jakinaraziko dute epaimahaikideek nor izan den irabazlea. Lehiaketaz gain, sagardo dastaketa ere izango da igandean, eguerdiko 12:30etatik aurrera; Altzueta, Rufino, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Otsua-Enea, Gurutzeta, Oialume Zar, Zelaia eta Itxasburu sagardotegiek hartuko dute parte. Eguerdiko tarteak girotzeko trikitixa eta bertsolariak ere izango dira. 

 

Kultur Bira ekimenak luzatuko du jaietako egitaraua

Igandean amaituko dira Latsunbeberriko eta Marielutseko jaiak, baina egutegia datorren ostiralera arte luzatuko da. Izan ere, Hernaniko Udalak antolatutako 'Kultur Bira' ekimenaren barruan, Kli Kla Birzikla txotxongiloen saioa izango dute Latsunben. Arratsaldeko 19:00etan hasiko da saioa, eta txokolatada prestatuko dute ikuskizunaz gozatu ondoren.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!