Barrenetxea ez da 27ra iritsi eta Ansa zuzenean sailkatu da Buruz Buruko txapelketaren finalera

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 28a, 00:00

Larunbatean, atzelari hernaniarrak, finalerdia jokatu beharko du Juanenearen aurka. Urrizak 30-20 irabazi zuen ligaxkako azken partidua.

Barrenetxeak 27 tanto egin behar zituen larunbatean Urrizaren aurka finalera zuzenean sailkatzeko, baina ez zituen egin. Javier Urriza 30-20 nagusitu zen, Buruz Buruko ligaxkaren azken partiduan, eta beraz, Ansa da finalerako sailkatu dena. Urnietako aurrelariak 10 puntu lortu ditu, eta atzelari hernaniarra zortzi puntutan geratu da.

Honela, larunbatean Barrenetxeak eta juaneneak finalerdia jokatuko dute bigarren finalista zein den jakiteko. Gaur bertan materiala aukeratuko dute 11:00etan, Galarretan.

Urriza kanporatuta zegoen, baina bere txapeldun nortasuna atera zuen eta lehiakorra baino zerbait gehiago dela erakutsi zuen. Ligaxkako azken partida hasieratik bukaerara menderatu zuen eta, kanporatua izan denez, kontsolamendua ez den arren, arantza txiki bat atera ahal izan zuen. Urriza eta Juanenea berdinduta geratu dira, baina euren arteko partida Saldiasekoak irabazi zuen.

 

9-0ko hasiera, erabakigarria

Urriza indartsu hasi zen 9-0eko partzialarekin. Partzial horrek markatu zuen norgehiagoka. Barrenetxea lau tantora hurbildu zen behin baino gehiagotan: 13-9, 18-14, 21-17, baina Iruñekoak oso ondo administratu zuen abantaila. Partida kontrolpean izan zuen beti, eta bost tanto baino gehiagoren abantailak behin eta berriz itzultzen ziren. 21-17tik 26-17ra pasa zen markagailua eta partidua hamar tantoko maximoarekin itxi zen, 30-20.

Urrizak saketik menderatu zuen. Barrenetxea ezinean aritu zen eta bere armarik onenak, sakeak, ez zuen funtzionatu.

Partida polita izan zen. Lehen tantoa oso peloteatua izan zen eta partiduak ordubeteko iraupena izan zuen. Urrizak hamar tanto egin zituen saketik. Zabalera atera edota gurutzatu egiten zuen, eta horrek min egin zion Barrenetxeari.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!