'Tturko' Lizardi Sariko finalera sailkatu da

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 27a, 00:00

Bigarren kanporaketan parte hartu zuten bertsolariak, 'Tturko' barne.

Laugarren puntuaketarik altuena izan du bertsolari hernaniarrak eta finalera sei onenen artean sailkatu da.

Hernaniko Bertso Eskolak, beste behin, ordezkaria izango du Zarauzko Lizardi Sariko finalean. Iker Ormazabal Ojeda 'Tturko'-k laugarren puntuaketarik altuena lortu du kanporaketetan eta horri esker sailkatu da datorren ostiraleko finalera.

Lehenengo saioa ostegunean izan zen eta bertan Bittor Altube sailkatu zen aurreneko postuan, 211 punturekin. Ostiraleko bigarren kanporaketan Ekhiñe Zapiain beratarrak 218,5 punturekin gailendu zen saioan. Beste lau finalistek puntuaketaren arabera lortu zuten txartela eta hurrenez hurren ondorengo bertsolariak sailkatu ziren: Garazi Nabarro (208 puntu), Tturko (205 puntu), Unai Mendiburu (203,5 puntu) eta Irantzu Idoate (200 puntu).

Lehenengo kanporaketatik bi bertsolari sailkatu dira finalera eta bigarren kanporaketatik, lau. Horrek esan nahi du, orokorrean maila altuagoa izan zuela bigarren kanporaketak.

Kanporaketetan nagusitzen ziren bi bertsolariak zuzenean pasatzen ziren azken saiora eta ondoren, puntuaketa altuena zuten hurrengo lau bertsolariak sailkatzen ziren finalera.

Guztira 16 bertsolarik hartu dute parte kanporaketetan eta finalera sailkatzea ez da izaten erraza. Finaleko lana zerbait luzeagoa izaten da eta bertso onenaren saria ere izaten da.

 

Finala ostiralean izango da Zarauzko Modelo aretoan, 22:00etatik aurrera

Finala ostiralean, irailaren 1ean izango da Modelo aretoan 22:00etatik aurrera. Sarrera doan izaten da eta finalerako gonbidapenak egunean bertan banatzen dira, Modeloko txarteldegian, 21:00etatik aurrera.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!