Portuko jaietan azken traka falta da

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 27a, 00:00

Asto Paseoak 70 edizio bete ditu eta festetako ekitaldi izarra izaten da.

Sagardo dastaketa, bazkaria, herri kirolak, Laiotz taldearen saio bikoitza eta azken traka mundiala izango dira azken egunean.

Borobila izan zen atzoko eguna Portu auzoan, San Joan Txiki Jaien bigarrena. Egun osoan zehar izan zuten jolas, tailer zein emanaldiekin gozatzeko aukera haurrek, eta jendetza bildu zuen Asto Paseoak arratsaldean, auzoko kaleetan barrena. Gauean, berriz, Laiotz arduratu zen parranda girotzeaz.

Baina atzokoa haundia izanagatik, ez dute lasai hartuko gaurko azken festa eguna. Egitarau potoloa gauerdira arte luzatuko da. Auzoko hildakoen aldeko mezaren eta bertsolarien saioaren ondoren, sagardo dastaketaren inguruan bilduko da jendea, 13 sagardotegiren partehartzearekin. Eta segidan, toka eta bote txapelketak jokatuko dituzte.

Arratsaldean, berriz, herri kirol saio polita izango da, aizkolari zein harrijasotzaileekin; eta beste behin, Laiotzek girotuko ditu ilunabarra eta gaua. Musika taldea bera arduratuko da festei bukaera emateaz, zezensuzkoarekin eta azkeneko tra­ka ikusgarriarekin batera.

EGITARAUA

GAUR, igandea

08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.

09:30, Diana txistulariekin.

12:00, Meza, auzoko 
hildakoen alde.

12:00, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.

12:30, Sagardo-dastaketa solidarioa. Sagardotegiak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxas-Buru, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta. Bildutako dirua Algaraklown elkartearentzat izango da.

13:00, XLVII. Toka eta Bote Txapelketa. Izena emateko epea 12:50etan amaituko da.

14:30, Bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik. Bazkarirako txartelak Pedro Mari tabernan hartu zitezkeen atzo arte.

18:30, Herri kirolak, Akelenea jatetxeak babestuta. Aizkolariak: Malen Barrenetxea, Beatriz Tanco, Nerea Sorondo, Nerea Arruti, Iker Vicente eta Txikia IV. Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi Urra.

Jarraian, Laiotz taldearekin dantzaldia.

00:00, Dantzaldia, Laiotz taldearen eskutik.

Tartean, Zezensuzkoa eta festei amaiera emateko azken traka.

Erlazionatuak

Portuko Jaiak 2023 - Abuztuak 26

Kronika - Erredakzioa 2023 abu 26 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!