Azotarrek freskotasunean gustura hasi dituzte Portuko San Joan Txikiak

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 26a, 00:00

Mikel Valdibia 'Txapete' omendu zuten lore eskaintzarekin, festaren hasieran.

Atzo hasi ziren jaiak eta gaur arratsaldean Asto Paseoaren 70garren edizioa izango da, 18:00etan hasita. Goizerako haur jokoak antolatu dira

Asteazkeneko eta osteguneko bero sapa aldendu eta euriak ongi etorria eman zien Portuko San Joan Txiki Jaiei. Euria bera ere ongi etorria izan zen, askorik ez baitzuen egin, eta gainera giroa hobetu zuelako. Haurren protagonismoarekin hasi ziren atzo jaiak eta eguerdian bota zuten suziria, Txapeteri lore eskaintza egin ondoren, eta haurrak jolas parkingean gozatzen ari ziren bitartean. Sardin jateak eta Oihan Vegaren diskofestak murgildu zituzten helduagoak, auzoko festetan.

Jai giroak asteburuan joko du goia, dena den. Makina bat ekintza prestatu dituzte bi egunetarako, eta gaurkoan, esaterako, 70garren edizioa izango du Asto Paseoak. Musika, berriz, Laiotzek jarriko du, bi saiotan.

Portura jende asko hurbiltzen da asto karrerak, aurten asto paseoa izango dena, ikustera. Gauean parrandazaleak ez dira faltako.

 

'Txikia IV'.ak ordezkatuko du Mikel Larrañaga

Igandean herri kirol saioaren txanda da 18:30etan eta azken orduko aldaketa bat izango da. Mikel Larrañaga aizkolariak ezin izango du bertaratu eta Julen Alberdi Txikia IV.ak ordezkatuko du. Eguerdian 90 auzotar inguru elkartuko dira bazkaritan. Azken traka ikusgarriak, 140 metrokoak, emango dio amaiera festei.

 

PORTUKO JAIAK

GAUR, larunbata

08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.

11:30, Haur jokoak: zaku-karrerak, aulki jokoa, lokotxak, uraren eta irinaren jolasa...

13:00, Zinta lasterketa.

Jarraian, Tiro karabina txapelketa.

16:30, Umeentzako tailerrak.

18:00, LXX. Asto Karrera, Zintzarri tabernak babestuta.

19:00, Patxin eta Potxin pailazoen ikuskizuna.

Jarraian, Umeentzako dantzaldia, Laiotz taldearekin.

Ondoren, Afaltzera gauerako indarrak hartzeko.

00:00, Dantzaldia, Laiotz taldearen eskutik.

BIHAR, igandea

08:00, Egunsentia, suzirien jaurtiketarekin.

09:30, Diana txistulariekin.

12:00, Meza, auzoko hildakoen alde.

12:00, Hernaniko Bertso Eskolako bertsolarien saioa.

12:30, Sagardo-dastaketa solidarioa. Sagardotegiak: Altzueta, Oialume-Zar, Olaizola, Eula, Akarregi, Alberro, Elorrabi, Iparragirre, Artola, Itxas-Buru, Otsua-Enea, Rufino eta Gurutzeta. Bildutako dirua Algaraklown elkartearentzat izango da.

13:00, XLVII. Toka eta Bote Txapelketa. Izena emateko epea 12:50etan amaituko da.

14:30, Bazkaria, Euskal Parrillaren eskutik. Bazkarirako txartelak Pedro Mari tabernan hartu zitezkeen atzo arte.

18:30, Herri kirolak, Akelenea jatetxeak babestuta. Aizkolariak: Malen Barrenetxea, Beatriz Tanco, Nerea Sorondo, Nerea Arruti, Iker Vicente eta Txikia IV. Harrijasotzaileak: Jokin Eizmendi eta Mikel Lopetegi Urra.

Jarraian, Laiotz taldearekin dantzaldia.

00:00, Dantzaldia, Laiotz taldearen eskutik.

Tartean, Zezensuzkoa eta festei amaiera emateko azken traka.

 

Erlazionatuak

Portuko Jaiak 2023 - Abuztuak 25

Kronika - Erredakzioa 2023 abu 25 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!