Ehunka arrai azaldu dira hilda Urumean, Karabeleko zubiaren inguruan, Eguzkik salatu duenez

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 24a, 17:19

Talde ekologistak azaldu duenez, «muturreko egoeran» dago Urumea, «Euskal Herriko ibai eta erreka gehienak bezala, ur gutxi dutelako eta beroa itogarria delako».

Ehunka arrai azaldu dira hilda aste honetan Urumea ibaian, Karabeleko zubiaren inguruan, Eguzki talde ekologistak salatu duenez. Amuarrainak eta izokinak daude tartean, eta tamaina txikikoak ziren gehienak. Eguzkik azaldu duenez, herritar baten abixua jaso zuen, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Basozaintza Zerbitzuarekin eta URA Agentziarekin jarri zen harremanetan.

Talde ekologistaren arabera, «muturreko egoeran» dago Urumea ibaia, «Euskal Herriko ibai eta erreka gehienak bezala». Bi arrazoi nabarmendu dituzte, horren eragile: «Batetik, ur gutxi dutela; eta bestetik, bero itogarria. Horrek arraien biziraupen aukerak muga-mugan jartzen ditu, batez ere kanalizatuta edota zabalduta dauden zatietan; izan ere, horietan, askotan ez dago itzala egingo dien landarerik ere, ertzetan».

Horren ondorioz, ibaiko urak «oxigeno kopuru txikia» dauka, «eta edozein isurketak edo bestelako gorabeherek hil ala biziko atakan jartzen dituzte arrainak. Baita beste egoera batean oharkabean pasatu zitekeen edozein isurketak edo gorabeherak ere. Oso litekeena da kasu honetan hori gertatu izana».

«Pena da, arriskua baitago denbora luzez egindako lana bat-batean galtzeko. Aste honetan Urumean hilik azaldutako arraien artean izokinak daude, atera kontuak», adierazi du Eguzkik. Eta errepikatu du, Urumea ez dela egoera larrian dagoen ibai bakarra: «Beraz, prebentzio-neurriak eta zaintza zorroztea dagokigu».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!