Bi gizon atxilotu dituzte Santa Barbara auzoan lapurtzen saiatzeagatik

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 25a, 00:00

Ertzaintzak Galarretan atxilotu zituen. Etxeko bizilagunak sarrailan zaratak entzun eta lapurra etxera sartzen saiatzen harrapatu zuen.

Ertzaintzak bi gizon atxilotu zituen asteazken gauean, Hernanin, Santa Barbara auzoko etxebizitza batean lapurtzen saiatzea egotzita.

Gaueko hamaikak aldera Santa Barbara auzoko etxebizitza batean lapurtzen saiatu ziren bi pertsona. Etxeko bizilaguna izan zen, etxeko sarrailan zaratak entzun zituenean, atea ireki eta ezezagun bat harrapatu zuena, sarraila bortxatzen saiatzen. Aurkitu zutenean, susmagarriak sastraka batzuetatik ihes egin zuen.

Berehala, ustezko lapurra aurkitzeko bilaketa-dispositiboa martxan jarri zuen Ertzaintzak. Patruila batek motorra martxan zuen auto bat aurkitu zuen inguruan, eta gizon bat barruan. Etxeko lapurretarekin zerikusirik izan zezakeelakoan, agenteek gidaria identifikatu zuten, eta alde egiten utzi ondoren, ibilgailuaren jarraipena egin zuten.

Zaintzak goizaldeko ordu bata eta erdietan eman zituen fruituak. Autoa Galarretako aparkalekuan aparkatuta zegoen, eta gizon bat autora hurbildu zen, bertan sartzeko asmoz.

Une horretan, agenteek identifikatu egin zuten. Pertsona horren ezaugarriak bat zetozen biktimak emandako datuekin, eta oinetakoak lokatzez zikinduta eta gorputz-adarretan atzamarkadak zituela egiaztatu ondoren, ertzainek 32 eta 26 urteko bi gizonezkoak atxilotu zituzten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!