Terrazen ordenantza jendaurrean dago ikusgai, alegazioak aurkezteko

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 25a, 00:00

Alegazioak aurkezteko epea urriaren 8ra artekoa da. Udalaren webgunean kontsulta daitezke xehetasunak.

Hernaniko Udala aurrera doa bizikidetza eta tokiko garapen iraunkorra sustatzeko terrazak eta espazio publikoak arautzeko prozesuan, eta jendaurrean ikusgai dago ordenantza. Urriaren 8a da alegazioak aurkezteko azken eguna. Hernaniko Udalak iaz jarri zuen abian bide publikoan terrazak, salgai dauden produktuen erakuslekuak eta bestelako elementu lagungarriak jartzea arautzen duen ordenantza berrikusi eta berridazteko ekimena. Horrekin, erabiltzaile desberdinen arteko bizikidetza eta tokiko garapen jasangarria sustatu nahi ditu, espazio publikoan terrazak eta elementu osagarriak jartzeak izan duen hazkunde nabarmenari erantzunez.

Iazko udazken eta neguan egindako parte hartzeko inkesta eta saio irekietan herritarren eta interesdun elkarte eta sektoreen iritziak jaso ondoren Udalak jendaurrean jarri du merkataritza-interesen, herritarren irisgarritasunaren eta kalitatezko espazio publikoak zaintzearen arteko oreka harmoniatsua ezarri nahi duen ordenantza.

Jendaurreko fase honetan alegazioak aurkezteko epea bi hilabetekoa da eta urriaren 8an amaituko da. Ordenantzari buruzko informazio eta xehetasun gehiago nahi izanez gero, interesatuek www.hernani.eus Her­naniko Udalaren webgune ofiziala kontsulta dezakete.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!