«Ondo pasatzea da helburua festetan, baina talde bati laguntzea ere posible bada, askoz hobeto»

Kronika - Erredakzioa 2023ko abu. 25a, 00:00

Asteazkenean montatu zuten txosna, eta ordutik jo eta su aritu dira lanean auzotarrak, jaietarako dena prest izateko. 10 bat lagun ari dira Jai Batzordean, eta beste 40 inguru laguntzen.

Lan eta lan aritu dira egunotan Portuko auzotarrak, jaietarako dena prestatzen: 10 bat lagun daude Jai Batzordean, baina beste 40 auzotar inguru lanerako prest, bisitariek festez gozatu dezaten. Duela urte batzuetatik, gainera, elkarte bati laguntzen diote urtero, sagardo dastaketa solidarioan bildutako diruarekin. Algaraklown izango da aurtengoa.

Hilabete asko dira dagoeneko, Portuko Jai Batzordea bilerak egiten hasi zela, aurreneko prestaketekin: «Musika taldeak lotzea izaten da gehien kostatzen dena, eta baita herri kirolak ere, saio potentea ekarri nahi izanez gero. Beraz, horiek martxoan lotu genituen, aurreneko bilerak egindakoan». Hortik aurrera, antolakuntzaren erritmoa bizitzen joan dira, egun hauetako sprintera iritsi arte.

Lanean jo eta su topatu genituen asteazkenean, prestaketa lanetan: «Gaur etorri zaizkigu txosna montantzera, eta horrekin batera hasten gara gu ere lanean, gauzak prestatzen». Lagun mordoxka bat ari ziren bertan, eta aitortu digute «osasuntsu» daudela Portuko Jaiak, zentzu horretan: «Jai Batzordean 10 bat lagun ari gara antolakuntzan, baina beste 40 bat auzotar izaten ditugu laguntzeko prest». Hutsunea, beste auzo askotan bezala, gazteen artean daukate: «Gazte jendeari ari zaio kostatzen antolakuntzan sartzea, helduak ga­ra ia denak. Saiatu behar dugu haiek erakartzen, beraiek di­relako etorkizuna. Guk urte mordoa daramazkigu, nekatzen ari gara, nekatuko gara; eta ez gaude beste urte askotan antola­kuntza gure gain hartzeko moduan. Laguntzeko bai, baina antolakuntza eramateko ez».

 

«Asto Karrera beharrean, paseoa egingo dugu aurten, lege berriari egokituta»

Aspaldi asmatu zuten jaietako formularekin Portu auzoan, eta horri eutsi diote, urtea joan eta urtea etorri: «Auzoko batek dioen bezala, duela 25 urteko programa eta aurtengoa hartu, eta berdintsuak izango dira», diote. Baina aurten badu nobedaderik, ezinbestean: «Animaliei buruzko lege berriaren ondorioz, ezin dugu Asto Karrera bere horretan egin, ezin da txapelketarik edo lasterketarik egin. Baina kolpetik ere ez genuen kendu nahi, beti izan duelako lotura festekin; Portuko Jaietako erreferentzia izan dira astoak. Beraz, aurtengoa Asto Paseoa izango da, nolabait esateko. Astoak ekarriko ditugu, eta gaztetxoek aukera izango dute asto gainean ibiltzeko, auzoan barrena. Gizartea aldatzen dijoa, eta guk ere horretara egokitu behar dugu. Hortaz, beste modu batera egingo dugu, astoak sufritu ez dezan. Baina mantendu egin nahi genituen astoak, betidanik egon direlako presente jaietan», azaldu dute.

Behin behinekoa izango da aurtengo Asto Paseoa, eta datozen urteetan erabakiko dute zer egin; besteak beste, legediaren bilakaera ere kontutan hartuta, eta patxadaz hausnartuta.

 

Harreman berezia, urtero etortzen diren ferianteekin

Bereziki haurrei eskainitakoa izango da jaietako aurreneko eguna; eta marrazki lehiaketaz, jokoez eta txokolatadaz gain, aukera izango dute atrakzioetan doan aritzeko: ohe elastikoetan, puzgarrietan, ollan... Izan ere, horretarako akordioa daukate Hugo eta Eusebio ferianteekin: «Beraien bizimodua ez da oso xamurra, eta betidanik izan dugu harremana beraien familiarekin; gurasoekin aurrena, eta semeekin orain. Oso harreman ona daukagu, eta festetatik kanpo zerbait behar badugu, beti daude laguntzeko prest», azpimarratu dute.

Larunbata ere oso potoloa izango da haur eta gurasoentzat: jokoak, zinta lasterketa eta tiro karabina txapelketa goizean, eta tailerrak arratsaldean. Eta horien ondoren, «formula polita» daukate aspalditik, familiak erakartzeko: «Asto Karreraren ondoren, Patxin eta Potxin pailazoen emanaldia izango da, eta haurrentzako dantzaldia ondoren Laiotzekin. Arratsalde polita izaten da haientzat».

Gauetan, berriz, musika izango da protagonista, egun guztietan: «Joan den urtean, Oihan Vega ekarri genuen aurreneko gauean, eta arrakasta izugarria izan zuen, jendetza elkartu zen. Beraz, aurten ere ekartzea erabaki dugu. Beste bi egunetan, berriz Laiotzek jarriko du musika. Desberdina da gau batean edo bestean datorren jendea. Aurreko urtean, ostiralean gerturatu ziren asko ez dira normalean auzora etortzen direnak».

 

Algaraklown elkarteari laguntza, aurtengo sagardo dastaketa solidarioarekin

Denek «ondo pasatzea» da Jai Batzordearen helburua, festetan; «baina posible bada talde bati laguntzea jaien bitartez, askoz ere hobeto», nabarmendu dute. Asmo horrekin hasi ziren sagardo dastaketa solidarioa egiten, duela bost urte inguru: «Ekintza soziala burutzen duten elkarteen lana ikusarazi eta azaleratu nahi dugu horrela. Urtero gonbidatzen dugu elkarte bat bertara etortzera, agerraldi labur bat egiten dute beraien lana eta jarduna azaltzeko, eta postua jartzen dute, beraien merchandising produktuekin. Eta horrekin batera, beraientzako da sa­gardo dastaketan saldu­tako edalontzien eta pintxoen dirua», azaldu dute.

Algaraklown izango da aurtengoa, ospitaleko pailazoen el­kartea. Aurretik, Hernani Wukrorekin, Juneren Hegoak eta Su­per H elkarteei eman izan diete laguntza, besteak beste. «Deitzen diegunean azaltzeko zein den gure asmoa, ez dute horrelakorik espero, eta asko eskertzen dute. Elkarte horietako asko ez ditugu ezagutzen, eta ikusaraztea behar dute, jendeak haien berri izatea. Dirua baino garrantzitsuagoa da ikusaraztea eta beraien berri ematea. Asko betetzen gaitu haiei laguntzeak», adierazi dute.

 

Zaratatsua, festen bukaera

«Nabarmentzekoa» da Portuko Jaien bukaera ere: «Egunen batean sustoren bat izango dugu... Polbora asko erretzen dugu. 140 metroko traka jartzen dugu plazan, koloretako etxeferoak botatzen dituen kaja bat, eta bukaerako eztanda izugarria da. Uste dugu arrisku gutxiago daukala kaja horrek, baina kontuz ibili behar dugu hala ere».

Hernaniko San Joan jaiei bukaera haiek emateko burutazioa ere izan dute, «baina ez gara ausartu oraingoz... Izan liteke traka Lizeaga kaletik behera jartzea Plazaraino, eta azkeneko eztanda udaletxeko arkuan egitea. Izugarria izango litzateke!».

 

Auzotarrak elkartzeko zita, igandeko bazkarian eta urte osoko ekintzetan

Beste zita garrantzitsu bat izango da igandean bertan, jaien azkeneko egunean: bazkaria. «90 bat lagun izango gara aurten. Gehiago izaten ginen lehen, baina auzoa aldatzen dijoa. Hala ere, auzotar berriak integratzeko amua da bazkaria oraindik, zenbaitek ez baitute bizitza auzoan egiten, bertan bizi arren». Auzotarren artean, lotura mantentzea lortu dute urteetan zehar, «baita Portutik kanpora joan diren auzotarrekin ere». Lotura hori mantentzeko, «ekintza asko» antolatzen dituzte urtean zehar, festetatik kanpo ere: «Koadrila haundi bat gara, nahiz eta bakoitzak bere koadrila txikiagoa izan. Jendea animatzen da bazkari batera, bodegara, haurren jolasetara, tailerretara...». Gainera, nabarmendu dute jende berria sartu dela antolakuntzan, eta ideiak ematen dituztela: «Hori da behar duguna, eta beti saiatuko gara dirua lortzen, horiek gauzatu ahal izateko. Makina haundi bat da auzoa, eta pixkanaka ari gara lortzen jende berria sartzea, engranajeak behar bezala mugitzeko. Horretarako, ardurak banatzen ari gara. Lehen gutxi batzuek antolatzen genituen 10 gauza; orain hiru antolatzen ditugu, eta beste batzuk arduratzen dira gainerakoez».

Elkarrekin lanean arituko di­­­ra egun hauetan, txosnan be­reziki: «Lan asko egin behar da txosnan, baina tira, bertatik lor­tzen dugu jaiak antolatzeko behar dugun diruaren zati haundi bat, Udalaren eta bizilagunen dirulaguntzaz, errifez eta egitarauko iragarkiez gain». Jaien egunetako lanak «nahiko ondo banatuta» dauzkate, eta bakoitzak badauka jaiez neu­rri batean gozatzeko aukera, bai­na ez erabat. «Horregatik antolatzen dugu beste festa bat urrian, Portu Eguna, helburu jakin batekin: lanik ez egitea, eta gozatzea. Dantzatu, jan, edan... Gainera, zorionez, beste auzo askotan ere egiten dira festak. Poza ematen du horrek, polita da urte osoan zehar festak izatea herrian, sakabanatuta».

 

«Saiatzen gara ospitaleko zein egoitzetako egoera konplikatuak momentu paregabe bilakatzen, emozioz eta poztasunez»

Algaraklowneko pailazoak, ospitalera egindako bisita batean.
 

Ospitaleko pailazoen Algaraklown elkarteari laguntzeko izango da, aurten, sagardo dastaketa solidarioan bildutako dirua. Elkartearen jarduna azaldu dio Saioa Aizpuruak, sortzaileetako batek, Kronikari.

Ospitaleko pailazoen elkartea da Algaraklown. Zer da egiten duzuena?

Saiatzen gara egoera konplikatuak momentu paregabe bilakatzen, emozioz, poztasunez... Eta irribarreak presente baldin ba­daude, askoz ere hobeto. Donostian eta Gipuzkoako egoitze­tan aritzen gara, akonpaina­men­du lanetan. Leku edo egoera ezberdinetan egiten du­gu akonpainamendua; esate ba­terako, kirofanora laguntzen. Pandemiaz geroztik etenda izan dugu gure jarduna, guretzako ere go­gorra izan zelako; eta kirofanoko akonpainamenduarekin ekin di­o­gu berriro aurten. Irailetik aurrera, espero dugu bes­telakoak ere martxan jartzea: pediatria, itxaron gelak, eskolak...

Adinekoen egoitzetan, berriz, bi ekintza mota egiten ditugu. Batetik, egoitzara bisita, bertako egoiliar guztiei bisita eginez. Eta bestetik, astero elkartzen gara egoiliar talde batekin, antzeko egoeran daudenak, egoitzako psikologoarekin adostuta; eta lan puntualak egiten ditugu beraiekin.

 

Zu zara sortzaileetako bat. Noiz eta zergatik sortu zen Algaraklown?

2012an hasi ginen, baina lehenago ere bagenuen ideia buruan. Beste toki batzuetan, Bartzelonan, Madrilen edota Valentzian, ezagutzen genituen horrelako­ak. Eta pailazoa izanda, asko erakartzen ninduen horrek. Zer­gatik ez egin horrelako zerbait Donostian? Oso garrantzitsua iruditzen zitzaidan, osasun emozionala zaintzeko. Buru-belarri sartu ginen, eta pausoak ematen joan gara pixkanaka. Orain 12 kide gara, pailazoak eta bolondresak kontuan hartuta.

 

Egoera zailetan dauden gaixoak bisitatuko dituzue askotan, eta zuentzako ere ez da xamurra izango...

Gaixotasunarekin ari gara, tristura askorekin, mina, desesperazioa... Ez dakizu zer gertatuko zaizun, eta horrek eramaten zaitu ondo ez egotera. Horren guztiaren aurrean, sudur gorria jartzen dugu, maskara moduko bat da. Eta maskara horrek distantzia pixka bat jartzen du, nolabait esateko. Baina egia da, lan hau egiteko psikologo batekin aritu garela beti. Taldean elkartu izan gara pailazoak psikologoarekin, konpartitzeko zer bizitzen dugun, eta zer eramaten dugun ospitalera edo egoitzetara. Garrantzitsua da gu ondo egotea, horrelako bisitak egiteko.

 

Nola jaso zenuten Portuko Jai Batzordearen deia?

Sekulako ilusioarekin eta oso eskertuta. Pandemiaz geroztik gelditu egin gara, eta berriro martxan jartzen ari gara; Algaraklown 2.0 dela esan genezake (barrez). Berritzen ari gara, eta oinarri batekin, baina berriro hastea bezala da. Eta horretarako, zailena izaten da dirulaguntzak lortzea. Pandemiarekin ere murriztu egin zen instituzioetako dirulaguntza, ez genituelako bisita presentzialak egiten, bideo-dei bidez baizik. Garrantzitsua da ikusaraztea egiten dugun lana, baina horretarako dirua ere behar dugu. Eta Portuko Jaietakoa bezalako iniziatibak sekulakoak dira, laguntzen digutelako, ekonomikoki ez ezik, gure berri ematen.

 

Ez dira ohikoak izango horrelakoak...

Ez dira ohikoak, ez. Baina zorionez, badaude horrelako kasu puntualak, eta asko eskertzen ditugu. Laguntza oso haundia da guretzat, dirudiena baino haundiagoa. Elkarte txikia ga­ra, eta horrelako ekimenek as­ko laguntzen digute.

 

Bertan izango zarete igandean, ezta?

Bai, noski. Taldeko bi kide joango dira, elkartearen berri emateko eta herritarren zalantza eta galdera guztiei erantzuteko prest. Eta postutxo bat ere jarriko dute, gure materialarekin: kamixetak, poltsak, sudur solidarioak, pultserak...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!